Kalekumea
Kalekumea
Oier Guillan

AULESTI-AMOROTO-MUNITIBAR
 

 

30

 

Kristal hautsien soinuak iratzarri ditu. “Zer izan da hori?”. Eneka ohetik altxa denerako Maitane sumatu du jada behean, Nekaneri gelako atetik lasai egoteko esaten ari zaio. Une horretan kristal hautsi gehiago, tabernako leiho bat lehertu da. “Makurtu!”, egin dio oihu Maitanek, bera eskaileretatik azaldu orduko. Enekak ez du erreakzionatu, izoztuta bezala begiratu dio Maitaneri, bere izu aurpegian benetan zer egin behar lukeen irakurri nahian bezala. Hirugarren leihoak eztanda egin duenean, biek elkarren eskutik heldu eta paretaren kontra jarri dira lurrean. “Norbait ari zaigu tiroka”, esan du Maitanek. Logeletako atetik Leo eta Lokatz azaldu dira, “Zer ari da gertatzen?”, “Segi gora!”, agindu die Maitanek. Goialdetik negar hotsak entzun dira, Eurekaren alabarenak. “Joan azkar laguntzera, eta makurtu denak leihoetatik urrun”. Badoaz. “Zer egin dezakegu?”, dio Enekak. Ingurura begiratu du, erantzun bat topatu nahian bezala. “Ezer ez, eutsi, pasako da. Atea itxita dago, hemen salbu gaude”. Atea hitza entzutearekin batera hotzikara sentitu du Enekak. Maitanek berehala jakin du zer pasa zaion burutik, “Itxaron, ez joan!”, baina Eneka ziztuan altxatu da. Korrika doa atzeko atera, etxekoentzat beti zabalik den horretara; itxi egin nahi du, berandu baino lehen. Ilunpetan egin du bidea, ate horretara ematen duten eskaileretan ilunpea da nagusi. Iritsi da, eta bertan atea zabalik. Joan da korrika, itxi ditu krisketak. Beranduegi, ordea; bira ematean aurrez aurre topatu du ehiztaria, eskopeta eskuetan duela. Biak elkarri begira geratu dira. Enekak hartu du mendiko makila, aterkiekin batera uzten dituzten ate ondoko ontzitik. Erridikulua sentitu da, ehiztariak eskopeta eskuetan duela. Beste leiho batek egin du eztanda, ordea, eskaileretan. Ehiztariak besotik hartu du, eta keinu batez makurtzeko eskatu. Eskopeta paratu du leiho hautsian, tiro egin du airera. “Nor da hor?”. Isiltasuna. “Alde hemendik berehala!”, egin du oihu. Beste leiho hautsi bat, gertu oraingoan, kristal hautsiek burura jausi zaizkio Enekari oraingoan. “Baina ze...”, ehiztariak kristal hautsien artean bilatu du. “Zer gertatzen da?”. “Ez dira balak”. Enekak ez du ulertzen. “Zer dira?”. Ehiztariak lurra arakatzen. “Harriak?”. “Ezta ere. Ez dut behin ere halakorik ikusi”.

        “Eneka!”, entzun da kanpotik.

        “Joder”, izozmendia, “Antton da”.

        “Atera zaitez eta ez zaio inori ezer gertatuko. Hau gure arteko kontua da”.

        Maitane azaldu da haien ondora. Buruaz ezetz esan dio. “Joder”, Enekak. “Ezin zaituztet arriskuan jarri”. “Ni joango naiz zurekin”, ehiztariak. “Ez dut zure laguntzarik eskatu”, lehor Enekak. “Ez, ez egin ezer”, Maitanek Enekari, “elkarrekin aterako gara honetatik, ados?”. Une horretan, tabernako atea zabaltzen entzun dute. Atera orduko piztu da ezkaratzeko argi automatikoa. “Baina ze...”. Maitane korrika joan da tabernara. “Laostia, Nekane da”. Kanpoan da, aulki gurpildunari eskuekin eraginda.

        “Hau Eneka eta bion arteko kontua da!”, Anttonen ahotsak iluntasunetik.

        Nekane kantuan hasi da. Maitane tabernarantz joan da, “Hau surrealista da”, Enekari agindu “itxaron apur batean hemen, mesedez”. Enekak bazterretik begiratu eta Maitane ikusi du Nekaneren aulki atzean kokatzen. Elkarri begiratu diote, baina ez dute atzera egiteko imintziorik egin. Eskailera hotsak entzun ditu berehala; badatoz Leo eta Lokatz. Kanpora atera eta aukiaren alboetan jarri dira, kantuan hasi dira haiek ere. “Zoro halakoak...”, entzun du Maitane, baina kantuan hasi da bera ere. Gero eta arinago, gero eta ozenago.

        “Eneka...!” entzun da ilunean. Kantuak zalaparta eragin du ostera, inguruko argiak pizten hasi dira, kale bakarreko etxeetakoak, baserrietakoak. Enekak zalantza egin du, egoera ulertu ezinik, lurrera iltzaturik. Ehiztaria sumatu du alboan; eskopeta utzi du bere ondoan, eta eskaileren azpiko trasteen artean hasi da arakatzen. Katilua eta koilara eskuetan dituela atera da kanpora, eta haiek jotzen hasi. Pixkanaka, soinu bera entzuten hasi da etxeetatik ere. Gero eta leiho gehiago, gero eta ate gehiago, gero eta zalaparta gehiago.