Kalekumea
Kalekumea
Oier Guillan

AULESTI-AMOROTO-MUNITIBAR
 

 

17

 

Egunetik egunera azkarrago doa beheraldia. Harritu egin du horrek. Nekane ozta-ozta jartzen da zutik. Etxekoek txandaka pasatzen dituzte arratsaldeak berarekin, goizean tabernan txanda egin ostean. Lan bat gehitu berri zaio lanari. Baina hau ezberdina da. Aulki gurpildunean eseri du, besazpietatik heldu eta indar eginda. Suabe, mantso eta tentuz egiten saiatu da. Zabaldu dizkio aulkiari zolak, bertan pausatu ditu Nekaneren oinak. “Ondo zaude?”. “Bai”. Egia izan ez arren. Baina burua ondo du Nekanek, ondoegi. Enekak eskua jarri dio sorbaldan, ukitzeko baimena eskatuz bezala. Nekane ezustean harrapatu du keinuak, baina ez du ezer esan. Begietara so egin diote elkarri, ezer esateko beharrik gabe. Ondoren, eskuarekin ukitu labur parea egin dizkio Enekari, uneari amaiera emanez. Korapiloa du eztarrian Enekak. Ohituta dago ezagutu berri duen gorputz bat maitatzen, hau gauza bera ote da? Ukimena beste maila batean, baina maitasuna azkenean?