Kalekumea
Kalekumea
Oier Guillan

AULESTI-AMOROTO-MUNITIBAR
 

 

24

 

Eneka kanpoaldean dago, terrazan eserita. Gutxi idazten du. Pantailaren ertzetik begiratzen du ingurua. Musika ozen bat entzuten du, entzuten dut. Ezaguna egiten zaion musika bat. Goizaldeko rave batean entzun litekeena. Edo agian ez. Agian lehentxeago entzungo litzatekeena, demagun lauretan. Ahots grabe bati loturiko in crescendoak. Ezeroso sentitu naiz, sentitu da. Ez zuen espero halakorik hemen. Musika hori ez dator bat inguruarekin goizeko hamaiketan. Maitane inguratu zaio, mahaiak jasotzen. “Eser naiteke?”, erantzunik espero ez duen galdera da, hemen gehienak bezala. Aurreko paisaiari so daude biak. Zigarroa piztu du Maitanek. “Bost minutu eta banoa”. “Lasai”, dio berak. Aurrean zuhaitzak, zuhaitzen gainetik mendiak. Berdearen ρabardurak. Eguzkiak itzala bultzatzen du haiek dauden lekurantz, apurka. Ondoko etxearen marra zuzena. Egurrezko makila okerrak aurreko muinoan, pertsona konkordunak bailiran, zuzen mantentzen saiatzen diren gorputz nekatuak. Eta musika hori. Zuhaitzen hostoen artetik sartzen den doinu ezagunegi hori.

        “Ostirala”, dio Maitanek.

        “Zer?”.

        “Ostirala”.

        Zintzarrien doinua entzun du bat-batean, ez dio orain arte erreparatu. Noiztik dago hor? Ez du animaliarik ikusten, baina gertu ibiliko dira. Doinu berri bat airean.

        “Ikasleak hiritik bueltatzen diren eguna”.

        Enekari ez zaio gustatu. Beldurra sartu zaio. Aurpegi ezagunen bat topatzeko izua.