27
Gero eta lasaiago egiten ditu Enekak mendi bueltak. Lehen errepide eta bidexka labirintoa zena orpo zelai zaio orain. Azkenaldian ahaztu ere egin du Maitaneri noranzkoa badaezpada adierazten. Makila soinean eramateak, hala ere, mundua ibiltzeko manera eman dio.
Paseotik bueltatu denean aterpetxe atarian ikusi duen Land Roverra ezagun egin zaio. Begiratu du mugikorrean, matrikula hatzekin anpliatu. Bera da. Taberna barrura sartu denean Maitaneren begiek bereak bilatzen dituztela sumatu du. Ez dago hitz egin beharrik, sakon arnastuko duela egin dio keinu. Ehiztariak txikitoa hartu du, eseri da mahaian egunkaria irakurtzera. “Ez du ez euskarazkoa irakurriko, kabroiak”, esan dio Maitaneri ahapeka Enekak, barrara sartzerakoan. “Egon adi, zu baino euskarazko hitz gehiago ezagutzen ditu eta”. “Bai, eta zertarako erabili”. Gizonak ez du une bakar batean ere begirada barrara eraman. “Zeozer esan dizu?”, Enekak Maitaneri. “Bai. Beltza berezia. Baina nafarra”. Barre egin dute biek. “Nire ustez terrenoa markatu, besterik ez du nahi. Ikus dezagun berak badakiela non gauden”. “Hori bagenekien ba aurretik ere”. “Berdin dio, ez egin kasu. Horrelakoekin egin beharrekoak egin, eta listo. Isildu ez, baina gero ez tematu, ez du merezi”. Eneka atzeko gelara joan da une batez, eta zerrauts pixka bat bota da atariaren ondoan. “Baina zer arraio...”, hasi da Maitane. “Badaezpada, izkinan txiza egiteko beharra duen”, Enekak. “Ya te vale...”.