9
Maitanek telebista azpian dagoen emakume kuadrillari erreparatu dio. “Haiengana noa, aterako diozu honi behar duena?”. Berrogei urte inguruko gizona zain, “Alkoholik gabekoa eta infusioa”. “Regaminta?”, “Bai, ikasi duzu honezkero”. Laudorioa iruditu zaio, hasi da prestatzen infusioak dakarren parafernalia guztia: katilua, teontzi txikia, koladorea, hostoak bota... “Badakizu? Nire gurasoen kezka handi bat sasia da”. Harrituta Eneka. “Zer esan nahi duzu?”. “Lehen behar handia egiten genuen landa garbirik mantentzeko. Baserriak hustu egin diren heinean, larreak mantendu dituztenek abereak eramatea eskatzen izan digute besteoi. Horrela egon gara luzaro. Auzoan azkena izan zen gure baserria, eta animaliak eramaten genituen batera eta bestera, larreak garbitzera”. Isilunea. “Orain sasiak eta belar txarrak janda daude inguruak, eta lehengo bideak”. Isilunea. “Zuhaitzak ere asko hazi dira. Lehen inguruak ikusten ziren, larreak zaintzen zirelako urrunera ikus zitekeen”. Isilunea. “San Juan suak eta dena, erronka ere bazen nork handiagoa egingo”. Begiratu dio alkoholik gabekoari. “Aita duzu?”, atzera so Enekak. “Bai”. “Oso heldua?”, “Hala dirudi, ezta? Baina ez, gaixo dago”, ahotsean dardara. Enekak infusioa jarri dio alboan, baina bera ez da mugitu. “Eta zergatik dute sasia kezka gurasoek?”. Harriduraz so egin dio gizonak, “Horrexegatik ba. Belaunaldi berriek ez dutelako kenduko. Baserria bertan bizitzeko besterik ez dute nahi, hala nahi dutenek”.