3
“Lehenengo solairuan hiru gela daude. Ezkerrekoan Leo dago. Lehen ikusi duzun gizona. Eskumakoan Eureka, bere alabarekin. Eureka ere hirikoa da”.
“Eureka da bere izena?”.
“Ez. Baina axola al dio horrek? Goiko solairuan beste bi gela daude, eta egongela txiki bat, sukalde are txikiago batekin. Ondoko geletan, ezkerrean Lokatz, eta eskumakoan ni”.
“Lokatz? Hori ere ez da bere izena, ala?”.
“Hara, argia da gure gaztea”.
“Lokatz... Gaur ez dut hemendik ikusi, ezta?”.
“Ez eta ikusiko ere. Solairu bakoitzean komunak, eta dutxak”.
“Eta... Denok bizi zarete hemen?”.
“Bizi, edo... Bai, hala esan liteke”.
“Baina hau ez al da aterpetxea?”.
“Kar-kar... Nork esan duzu eman zizula kontaktua?”.
“Txiprek”.
“Hara, Txipre! Zenbat denbora, alajaina! Zer moduz dago?”.
“Egia esan... Ez dut gehiegi ezagutzen. Festa pare bat azkenaldian. Baina... Ez dakit... haietan ondo ikusten zitzaion”.
“Ez dut sekula inor alaiagorik ezagutu. Jarraitzen du plataforma zapata horietara igotzen?”.
“Bai, uste dut baietz”.
Buruan zeozerk klak egin dio.
“Txipre ez da bere benetako izena, ezta?”.
“Ea, ez zenuen pentsatuko...”.
“Ez, baina, zera esan nahi dut...”.
“Bai, bai. Ulertu duzu”. Basoak lehortzeko abildadea berea, bustita egon berri direla sumatu gabe. “Nekanek aterpea eskaintzen du, eta etxea ere bada, bai. Baina ez duzu leku hau Bookingen topatuko. Zuk oraingoz nire gelan egingo duzu lo”.
“Eta Nekane?”.
“A, bai. Bera ere bertan bizi da. Tabernatik aterpetxera ematen duen atea zeharkatu, eta hortxe bada beste apartamendu bat. Hori da berea”.
“Nik... Zera... Txiprek aipatu zidan dirua ez zela arazorik izango, oraindik ere ez dut ulertzen nola...”.
“Lasai”. Kristalezko basoen castell miresgarriak. “Badakizu kafeak ateratzen?”.