4
“Eta sartu beharko banu?”.
“Atzeko atea beti dago zabalik. Zuzenean aterpetxeko logeletara ematen du. Nahi izanez gero, bertatik sartu eta logelara joan zaitezke tabernatik igaro gabe”.
“Alegia, inork ikusi gabe?”.
“Alegia, inork ikusi gabe”.
“Ondo da. Eta gauean?”.
“Gauean etortzeko asmorik baduzu, ala?”.
“Ohitura izango da”.
“Hemen gauez ez dago zeregin askorik. Larunbaten bat edo beste kenduta. Tira. Gauez etorri ezkero bada giltza bat hemen ezkutuan”.
Loreontzi handi bat erakutsi dio.
“Ez dugu guk giltzarik izango?”.
“Ez. Nekaneren baldintzetako bat da. Giltza bakarra denontzat. Hona bildu gara denok istorio propio bat dugulako, zama arintzeko behar bat. Baina talde bat gara, ikasi behar dugu elkarrekin antolatzen, elkarrekin konfiatzen”.
“Ez da ba erraza izango, horrelako friki kuadrilla bat elkarren eskutik aritzea”. Umorez nahi zuen bota, baina ahots tonuak nahi baino gehiago egin dio saminera. Maitanek sumatu duelakoan dago.
“Ordu erdi barri ixten dut barra, nahiko duzu garagardo bat?”.