Kalekumea
Kalekumea
Oier Guillan

AULESTI-AMOROTO-MUNITIBAR
 

 

18

 

Ehiza legeen letra txikia ikertzekotan geratu naiz, geratu da. Hainbeste egin dezake, egin dezaket. Eskertu dio Maitanek, “Nekane ez dago jada ez udaletarako ez bulegoetarako”. Sarean hasi da ikertzen. Arrotza zaio guztia. Ehiztariek beraiena ez den eremuetan ehiza egin dezakete, baldin eta distantzia bat gordetzen badute etxeetatik eta jendea egon daitekeen lekuetatik. Beldurra eman dio, bat-batean, mendian ibiltzeak. Akaso arrazoia zuen ehiztariak? Zer arraio, nahi dutena nahi duten moduan egin dezakete? Larridura bat-batean, ulertzen ez duen mundu batean murgiltzen ari den sentsazioa, beste hizkuntza bat ikasten hastean sentitzen den zorabioa. Hitzek ez dutelako sekula esaten soilik hitzek diotena.

        Maitane ere kezkatua geratu da informazioarekin. “Kaka, posible ote? Galdetu beharko diogu dakien norbaiti”. Tabernako bezeroei luzatu die begirada: emakume jubilatu talde bat solasean, gizon bat ardo batekin eskuan telebistari begira, laneko arropekin hamaiketakoa jaten ari den gizon gazte talde bat. Leo bakarka, egunkaria irakurtzen. “Ez, nik deituko dut aldundira”. “Benetan?”. Barre egin du Maitanek, “Sumatzen da hirikoa zarela”. “Ohituta nago bizitza errazten dizun burokraziaren labirintoan barrena”. Ez daki Maitanek ironia harrapatu duen.

        Hasi da batera eta bestera deitzen. Gai hauei buruz aldundiko guardarekin hitz egin behar duela jakin du. Guardak Martin omen du izena. Baina Martinek ez dio telefonoa hartzen. Ez goizean, ez eguerdian, ez arratsaldean, ez eta biharamunean ere. Beste bulego batekin saiatu da. Martin aste honetan oporretan dago. Guardia bakarra dago probintzia osoan, ala? Mezua utzi dio. Astelehenean deituko dio.