23
Hemen egon arte ez du ulertu isiltasuna zer den. Alegia, hemen isiltasuna ezberdina da, hiriaren aldean hemen isiltasuna beste soinu batzuez osatua delako. Konturatzen naiz, konturatzen da, hiriko gaua autoz beteta dagoela. Iluntasuna zauritzen dituzten ahots ozenegiez. Espaloiak zartatzen dituzten sustrai ikusezinez. Inork gutxik erreparatzen die espaloietan inposatutako zuhaitzei, sustraiek nola altxatzen dituzten harlauzak. Eta belar matazak han-hemenka, eskaileretako hezeguneetan, hormigoiari arnasa zulatuz.
Hemen isiltasuna txoria da. Saiatu arren ikusi ezin duen txoria. Izendatzen ez dakien txoria. Airean ezberdintzen saiatu arren, zenbat soinu ezberdin diren ez dakidan txoriak. Hemen txoriek ez dute autoek baino ozenago kantatu behar. Ez eta natura nahasia diren kale peatonaletan ere. Baten batek esango luke oinezkoentzako kaleetako filosofia badela zentzuzko bizimodu batera buelta bat. Baina beti harritzen du, harritzen nau, gizakiek zentzuak arrazoiarekin zentzugabetzeko gaitasun eternalak. Natura, ekologia, ezkerra.
Hemen hegazkinek zauritzen dute soilik zerua. Txorien isiltasunarekin nahasten da haien mantra, gezi karrankari bat bezala. Ez dakit, ez daki, hegazkinen artean ezberdintzen ere. Egongo dira aldeak seguru. Agian ez dakit txorien eta hegazkinen arteko aldea ere ikusten.