22
Zilarrak uxatzen ditu txoriak. Ezin izan dio ekidin erreparatzeari. Deigarria egiten zaio. Inguruetan ibiltzera joaten den bakoitzean katalogoa egiten du. Orduko hartan ordubete inguru egin zuen oinez, maldan gora. Beharra zuen nekatzeko, izerditzeko, pentsamenduak arnasarekin batera oxigenatzeko. Goian berdegune zabalak, ez zuen espero. Eukalipto basoak pasa ostean, zuhaitz erori oldeak bazterretan, eta zelai zabalak hortxe mendi gainean. Itsasoa ikusten zen muino batean baratzea. Gizon bat alkandorarik gabe bertan lanean. Haren zakurra hurbildu zaio, Gorbeiako artzaina dela ikasi du; beldur izan da hasieran baina lagunkoi egin dio harrera. Gizonak ez dio begiratu ere egin. Pasa da albotik, eta han, ortuan, ispilu etzan handi bat. Edo hori iruditu zaio. Ez du jakin zehazki zer den, parera hurbildu den arte. Eguzkia islatzen duen aluminiozko zerbait. Plaka handi bat. Eta baratzaren bazterrean cdak. Arreta piztu dio horrek. Ez dut inoiz, ez du inoiz, eduki cdrik. Ez behintzat irakurgailurik. Ahizpak bai, eduki zituen lehenago, bere gelan gordeta daude liburuen alboan urte luzetan erabili ez dituenak. Bidean aurrera eginez, beste baratze batean, makila bati lotuta paper dirdaitsuz bildutako poltsa moduko bat. Funtzio bera beteko duela pentsatu du. Poltsak auto istripuetako tapaki horiek ekarri dizkit, dizkio, gogora. Pelikula zaharretan gorpuak estaltzeko erabiltzen direnak. Albistegietan Mediterraneotik erreskatatutako begiraden dardarak hotzetik babesteko erabiltzen diren horiek. Bere buruari galdetu dio ea inorentzat bilakatu ote diren askatasunaren sinboloa.
Nekaneren baratzetik pasa da aterpetxerako bueltan. Bila aritu da. Ez die erreparatu izan orain arte, baina han dira: cdak. Alboetara begiratu du, aterpetxeko kanpoko terrazan familia bat, haurrak belarretan jolasean. Aterpetxeko leihoetan ez du mugimendurik sumatu. Pasa du ataka, sartu da barrura. Baratzaren ertzetik egin du bidea, ildoak zapaldu gabe.
cda. Bizitza laburreko asmakizuna. Berak sarean entzun izan du musika beti. Erosi egin du objekturen bat inoiz, biniloak batez ere, baina sarean entzun ostean soilik, talderen bati diruz laguntza ematearren. Erosita ere objektuak ez ditu behin ere erabili, ez du gailurik, sarean entzuten jarraitu izan du ostera ere.
Ezin izan dio tentazioari eutsi. Buelta eman die cdei. Marka litzateke gero, Mikel Laboarenak izatea.