Kalekumea
Kalekumea
Oier Guillan

AULESTI-AMOROTO-MUNITIBAR
 

 

26

 

Nekaneri ohean egokitzen lagundu dio. Harrigarria da, hain txikia izanda, bere gorputzaren pisua.

        “Zer den ekandua? Bazabiltza atzera ere zure galdera horiekin?”, Nekanek.

        “Orain arte ez dizut galdetu”.

        “Ez dakizu, ala?”.

        “Ez”.

        “Hemen inguruan oso ohikoa da ba”.

        “Ni ikastolakoa naiz, Nekane”.

        “Eta zer irakasten dizuete bertan?”.

        “Ez dakit”. Zalantzan hasi naiz, hasi da, ea nork egiten dituen galdera hobeak. “Segur aski hizkuntzari eusten irakasten digute”.

        “Eusten?”.

        “Eusten”.

        Nekanerekin ez dira elkarrizketak haratago sekula joaten. Gustatzen zait, gustatzen zaio, hori.

        “Ekanduak dira herrira kanpotik etorri eta bertakotu egin direnak”.

        “Ni ekandua naiz orduan?”.

        “Oraindik ez”. Isilik geratu da. “Baina bidean zara!”. Barrez lehertu da, gutxitan ikusi dut horrela, barre egin du berak ere. “Ekandua izateko txertatu egin behar zara bertako bizimoduan, bertako jendearekin. Orduan zara ekandua”.

        “Eta hemen, ekandu asko dago, ala?”.

        “Batzuk bai. Aspalditik ohitura egon da bertan ekanduak haien artean elkartzeko, etorkinen bazkariak egiteko”.

        “Ekanduek bakarrik haien artean?”.

        “Bai. Ikusgarriak eta ederrak izaten dira hitzordu horiek. Ikustea nola elkarrekin komunean ezer ez dutenek bat-batean bai, baduten”.

        “Kuriosoa da”.

        Isiltasunarekin erantzun dit, beste behin ere.

        “Eta zergatik du izena honek Ekandu aterpetxea?”.

        “Nik aldatu nion”.

        “Aterpetxeari?”.

        “Bai”.

        “Nola zuen ba?”.

        “Ongi-etorri”.

        “Ongi-etorri? Ba hori gaizki ere ez da, ezta?”.

        “Ez. Berez ez. Baina ez baitzen egia”.

        “Eta nortzuk dira ba bertako ekanduak?”.

        “Oraindik ez duzu asmatu?”. Isilunea. “Etxe honetan ekantzen dira nora ekandu ez dutenak”.