Kalekumea
Kalekumea
Oier Guillan

AULESTI-AMOROTO-MUNITIBAR
 

 

10

 

Aterpetxe ondoko baratzea prestatzera eraman ditu Nekanek. Belar txarrak kendu behar dituzte lehenik. Erakutsi die nola: eskuz hartu behar dute sorta, eskumuturra jiratu eta tira, sustrai eta guzti atera behar dituzte. Lurra garbi geratu behar da. “Ez dago honetarako makinarik?”, Enekak. “Hemen ez. Ekin, ni bazkaria egitera noa”, Nekanek, “dagoeneko ezin naiz horrela makurtu”.

        Etxeko bostak dira beharginak. Enekari erraza izango dela iruditu zaio. Hasi dira erritmo onean, baina berak ez du luze iraun. Udaberriko eguzkia gozoa da, baina kaskoa berotzen hasten da haren pean luzez egonez gero. Eureka kantuan hasi da, giroa alaitu nahian, baina hiru estribillo iraun dio arnasak, besteoi koruak beste. Leo kementsu hasi da, bere gorpuzkeraren indarra nabarmendu nahian edo, “Horrela nekatuko haiz berehala”, dio Maitanek, eta zinez hala izan da. Gero eta gutxiago irauten dio makurraldiak. Lokatz teknika perfekzionatzen hasi da, belaunak tolestuz egiten du behera, pisua hartzera joango balitz bezala, tabernako edarien kutxak nola. Bazkalordurako akiturik daude denak, isilik eseri dira mahaiaren bueltan.

        “Hurrengoa lurrari buelta ematea izango da, erabili duzue inoiz aitzurra?”, umoretsu Nekanek.

        “Zenbat aitzur daude?”.

        “Nahikoak”.

        “Eta gero?”.

        “Gero buelta emandako lurra txikitzea, azpitik gora ekarritako lurraren hezetasuna lehortzean”.

        “Eta gero?”.

        “Haziak landatzea”.

        “Eta gero?”.

        “Ureztatzea”.

        “Eta gero?”.

        “Gero? Gerokoak”.