19
“Ezin ditut jasan ehiztariak”. Kafesne deskafeinatua esne hotzarekin. Karmelek berrogei urte daramatza Gerizpe baserrian bizitzen. Familia osatu du bertan, alargundu da, baina, era berean, bada eta beti izango da kanpokoa. “Behin gertatu zitzaidan haur txikiarekin nengoela gure terrenoan, eta tiroak gertu entzun nituela. Kexaka hurbildu nintzen, zer da hau, nire etxean haurrarekin kanpoan ezin banaiz egon! Entzutekoa zen harrokeria. Munduaren jabe direla uste dute hauek”. Haserreak hartu dizkio bestela irribarretsu ohi diren berbak. “Bere auto eta zakurrez betetzen dute mendi bidea, batzuetan ez dago pasatzerik ere. Ingurua zaborrez betetzen dute. Sarritan egin izan diet aurre. Baina emakumea naiz, sekula ezer ulertuko ez duen kalekumea. Badakizu? Batzuetan etxeetako leihoetara egin izan dute tiro ehiztarien tribukoek abisu bezala, kontra egiten zaienean, haserretzean. Inoiz gertatu izan dira istripuak bala galduekin ere”.