5
Hasi da egunerokoan jendea ezagutzen. Lehen aurpegi iragankorrak zirenak, orain paisaiaren parte dira. Aitor Baratzek hutsa hartzen du, baina benetakoa. Hori ere ikasi behar izan du. Hutsa taza txikiaren erdira ez da iristen. Aitorrek kokoei buruz hitz egin dio: baratze ekologikoan eragiten duten intsektuak, edo hala iruditu zaio behintzat. Ezagutzen ez dituen hitzen zerrendan apuntatu du.
Iruñekoa zela esana zioten, baina berak berehala zuzendu dio: “Ez, Irungoa”. Harrigarria bada ere, antzerkia egin zuen behinola, duela berrogei bat urte. “Hura ez zen niretzat”. Kalekumea, beraz. “Euskara bertan ikasi nuen nik, kalean batez ere. Orain semea dedikatzen da espektakuluaren mundura”. Zikloez mintzatu zaio gero, luze, baratzea nola kudeatzen duen azaltzeko. Nire begiradak bizitzaren zikloetara egin du berehala; lurrak orainaldira lotzen gaitu, baina hura maneiatzeko ezinbestekoa da ezusteko mugimenduak surfeatzea.