Kalekumea
Kalekumea
Oier Guillan

AULESTI-AMOROTO-MUNITIBAR
 

 

11

 

Zuritoa limoiarekin deskubritu duenetik, ezin du besterik hartu. “Ona da hau gero”, dio Klaudiok, “lehen ezin nuen jasan, baina urteak...”. Hirurogeita bi dituela esan dio berehala. “Eta zu ere baserrikoa”. “Bai, edo...”. “Ze ba?”. “Gurasoak hil arte bai. Han ezkerretik joanda, bide amaierakoa da gurea. Ederra oso. Bizitza osoa eman dut han, orain familia ere bertan bizi gara. Bi alaba ditut”, harro, “Berandu egin nintzen guraso”. “Eta jada ez duzue ezer, animaliarik, baratzerik edo zuhaiztirik?”. “Ez”. Pentsakor geratu da. “Oso akordu politak ditut garai hartaz, baina orduan beharra besterik ez zen. Gurasoek esana zidaten ikasteko, baserriak ez zuela etorkizunik. Haiek bai jakin. Gobernuek erraztasunak jartzen zizkieten orduan baserritarrei, baina ez aurrera egiteko, baizik eta baserria uzteko. Edo enpresa agrikola handia egin, edo desagertu. Belaunaldi hura zahartu ahala desagertu zen mundu hori. Guk lagundu bai, baina, lehenik ikasketak egin bitartean, eta gero hirian behar egin bitartean, familia propioa osatu arte. Seme-alabekin bai, akabo. Ordutik jarraitzen zuenak zaletasun modura egiten zuen, batez ere”. Telebistak baino irudi gehiago gordetzen dituzte elkarrizketari eutsi nahi dioten zuritoek. “Zu orain kalekumea zara?”, galdetu dio Enekak. “Ez dakit. Baina hara, badakizu zertan sumatzen den kalekumea izatea zer den?”. “Zertan?”. “Guk arazo bat genuenean, errepidean zuloa adibidez, berehala hasten ginen pentsatzen nola konpondu, eta batzuetan ondokoekin elkar hartzen genuen; auzolana erreala zen arazo bat edo beste konpontzeko orduan. Oraingo belaunaldiek errepidean zulo bat ikusten badute, haserretu eta berehala udaletxera deitzen dute. Gu autonomoagoak ginen, ez ginen inoren zain”. Dzanga, eta badoa.