25
Ibiltzeak barruko errekak bideratzen ditu itsasora. Ibiltze hutsak ordenatzen dizkio barrenak. Iragana zientzia fikzioa iruditzen zaio orain, etorkizunak baino areago.
Ez zuen ikusi etortzen. Amorratu egien du horrek.
Antton bada ezer esan nahi ez duen izen bat. Alegia, izen ikusezin bat. Normala, nolabait esateko. Lasaitasuna ematen duen izen bat, etxekoa. Jon, Mikel edo Xabi bezala. Normalean kosta egiten zaio izen horiek oroitzea. Haien azpiko aurpegiak beti iruditu izan zaizkio antzekoak. Gogoan ditu bere ahizparen gelako mutilak. Gerora gizonak izango ziren mutilak. Gidariak, jefeak, lankide hitzontziak. Botere gehiegi duten nagusi mediokreak. Liderrak. Politikogaiak. Inork nahi ez zuen ardura bat hartzeak boteredun bilakatu dituen ezusteko txiribueltaren jabeak.
Ez zaio harritzen ezizenak nahi izateak. Gerra izenak. Ezberdindu beharrak. Aurpegien pila horretatik aldendu beharrak. Eta batzuetan lortzen da. Egia da. Ezagutu ditu maitatzeko moduko bisaiak. Pertsona zintzoak. Ezizen txukun bat ez lortuta ere, ostiral arratsaldeko tarteak gozagarri egiten dizkizutenak. Baina beste batzuek jarraitzen dute hor, eta okerragoa dena: disimulatzen ikasten dute. Anttonek bezala.
Lagunez ere ezin fidatzeak amorratzen du. Izugarri.