13
Basotik doa, ibilian. Hirian hori du maite, norabiderik gabe ibiltzea, kale artean galtzea gauza ederra izan daitekeelako, eta bideko xehetasunei, pertsonei, erreparatzea. Mendi alde honetan, ordea, beldurra eman dio galtzeak, norabide argirik ez izateak. Galdetu du ea nondik egin lezakeen ez galtzeko moduko ibilaldia. Bidea jarraitu, besterik ez du. Hala ere, basoaren bakardadean, itzal batek jan dizkio barrenak. Kostata eusten dio irudimenari, azkarregi doa aburua. Eta amilduko balitz? Eta orkatila okertuko balu? Begiratu die mugikorreko marratxoei: koberturarik ez da apenas. Ilunabarra heldu ezkero, jakingo dute gpsaz bera topatzen? Ez dio inori argi esan zein den hartu duen bidea. Ez dago lekukorik.
Tamainako gomutetan dabilela, oreinak zeharkatu du bidea. Jauzi egin du, bi salto eman eta desagertu egin da bistatik. Ahaztu egin ditu kolpe batez beldurrak. Bi segundoko zalantzaren ostean, haren atzetik joan da korrika. Beranduegi. Ez du baso itxian mugimendurik sumatzen. Ez ditu inoiz oso gustuko izan hitz jolasak, baina oreina oraina da.