Euskal Herriaren kontakizun sentikorra arteak eta kulturak baino ezin dute egin. Euskal arteak lengoaia asko izan ditzake, baina hizkuntza bakarra du, geurea: euskara. Eta azken urteotan, globalizarioarengatik eta espainiar eta frantziar estatuen ahalbide ugariengatik, atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari da gizartean, gure hizkuntzan egindako artearen kalterako. Egoera horri erantzuteko asmoz sortu da Geuretik Sortuak proiektua: euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala.

Euskal Herria kontatu. Ahots anitzek kontatu. Batak besteari kontatu. Lokaletik unibertsalera kontatu. Herriz herri kontatu. Tokian tokiko iragana, oraina eta etorkizuna irudikatu. Imaginario berri bat sortu, euskaldunok euskaldunontzat. Geuretik sortutako memoria eta historia. Hamasei idazlek, hamasei herritan bizitakotik, hamasei kontakizun ezberdin asmatu dituzte. Denek batera, hamazazpigarren bat osatzen dute. Gure herria kontatzeko ahalegin kolektibo bat, agidanez.

Artziniega: banderizo eta bandoleroen lurra. Mexikotik abiatu eta han lur hartuko du Izarok bere genealogiaren aztarnak topatzeko asmoz. Josuk lagunduko dio bidaia horretan bere pauso guztiak bideo-kamerarekin grabatuz. Baita Iratik ere, nahiz eta honi Josuren grabazioek axolarik ez izan. Basurdeen aferak eta Etxahun inspektoreak gutxi lagunduko dute eta Kirmen zerk mugitzen duen ere ez dago garbi. Dioen bezala, anabasa aprobetxatzean dago garaipen ororen gakoa. Eta Izaro irabazleen bandokoa omen da.

Edorta Jimenez

Teresa izeneko emakumeak birraitonaren paper, gutun eta liburuen artean hieroglifikoa dirudien dokumentua antzeman du. Horren ulertzeko laguntza behar duelarik, Jon aspaldiko lagunari hots egin dio. Jonek, hieroglifikoaren eta birraitonaren beste dokumentuak aztertzeko Kepa aspaldiko lagunari galdatzeko aholkua eman dio. Horrela hasiko da Uztaritzen burutuko den bidaia. Hieroglifikoarekin hasitakoa, azkenean, hirukotearen iraganerako bidaia bilakatuko da. Baiona, Uztaritze eta Bilbo artean, 1915ean hasi eta 2021an buka.

Maialen Akizu

Erriberako lurretara joan da Irati, Lodosa, Sartaguda, Andosilla eta Mendabiara hain zuzen ere. Herri-antzerki kolektibo bat egin nahi dute eta herri bakoitzaren berezitasunak islatu eszenatokian. Milaka izan ziren frankisten errepresioak Erriberan eragindako biktimak. Gaur egunera arte dirauten ondorioei buruzkoa da kontakizuna. Erriberatarren min, desira eta Euskal Herriarekiko atxikimenduaz, besteak beste. Pertsonaiek eurek idatzitako istorioa da hau.

Danel Lauzirika

Isiltasun guztiak ez dira berdinak. Isiltasunak eta isiltasunak daude: oharkabean pasa ohi direnak, ezinegona barreiatzen dutenak, baita ozen kolpa gaitzaketenak ere. Gazte garaiko idolo musikalaren mutualdiak zeharo erasan du Eñaut Abaroa bilbotarra; hainbesteraino, non dena utzi eta Zrakoa egin baitu, Piris punkaren erregea zergatik mututu den jakiteko asmoz. Abaroak euskal kultura kolpatzen duen mutualdiaren erdian aurkituko du bere burua eta Zko herriak bere baitan biltzen duen alfabeto osoa ezagutu eta aztertuz saiatuko da konspirazioa argitzen.

Garazi Albizua

Gertakizun batzuk kontatuko ditu Harriak. Jaio eta kontzientzia eskuratu zuenetik gaur arte gertatutako zenbait istorio, hain zuzen. Horretarako, haren jaiotza errituan parte hartutako jainkoak izango ditu lagun: Lipitz, Eluts, Iartza, Tolorta, Zipitt eta Aztin. Euren ahotsetik ezagutuko du Harriak haren eginkizuna zein izan zen Leitzaren historiako hainbat unetan.

Iñaki Martiarena "Mattin"

2021. urtea da. Jon aita da. Lanbide egonkorra du. Olaia alabarekin bizi da. Alabak 13 bat urte ditu. Garbiketa egiten ari da aita eta bat-batean, etxeko garbigailua hautsi da. Alabak galdetu dio ea nola garbituko duten arropa.Aitak azaldu dio bere birramonak bezala garbituko dutela, alegia, eskuz. Txango bat egingo dute aitak eta alabak birramonaren jaioterrira. Alabari bazterrak erakutsi nahi dizkio aitak. Besteak beste, bertako garbilekuak ezagutuko dituzte.

Bertol Arrieta

Lan berrian hasi aurretik, hamabost eguneko oporrak hartu ditu Maitanek, eta Zuiara etorri da, Zuiara bueltatu da ia 20 urte geroago, senarra eta bere bi seme-alabak Donostian utzita.

Bailara asko aldatu bada ere, ezagunak zaizkio parajeak, irakasle lanetan jardun baitzuen oso gazte zelarik Murgiako eskolan, eta badaki toki paregabea dela 8 urtean zehar seme-alabez arduratzeak ekarritako nekeez atseden hartzeko.

Bakarrik egoteko premiak hartaratuta, sosegu bila etorri dela dirudi.

Dena ez da dirudiena, ordea.

Nefer Olaizola

Doluaren betiereko bidean, sarritan agertzen dira bihotza babesten dizuten adiskideak. Arima estutu, eta korapiloak askatzen laguntzen dute; gehienetan, adiskide horiek ikusezinak diren arren. Antiak eta Adartzak ere korapilo itzela dute sabelean, baina ezin inori kontatu, ezkutuko gauzak direlako. Eta euren iritziz, sekretuzko gauza guztiak, burkoari bakarrik kontatu behar zaizkio; hari eta udaberriko loreei, neguan inozentzia galdu baino lehen. Baita sorginei ere, baina soilik hegoak astindu eta mina kentzen duten horiei.

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

Etxarri-Aranatzera joan naiz belarriak erne eta begiak adiago. Herriaren hatsari utzi diot sudurretik sartzen; lurrari eta haritzei, azala kilikatzen. Basoaren infinituan murgildu naiz eta denboran txango eginez bisitatu ditut agerikoen nahiz ezkutukoen habiak eta hobiak. Bueltan, bidexka ezezagunen mapak urratu ditut, hegaztien abesbatzez inguraturik. Plaza erdira itzuli naiz gero, garaikideen mezuak jasotzeko. Eta plaza berriekin aurkitu naiz, dagoen etorriari izan zena josteko. Bihotza oparitu diet denei.Taupadak jaso ditut bueltan. Dena ez da galdu. Estekak dira horren lekuko.

Maitane Perez

Errepidean hildako basurdea, txakolindegira helikopteroz doazenen berria, ochentaynueve beteko dituen aitonaren urteak, trena, lehorreko kaioak, galerna. Jatorrizko herrira itzultzeko aitzakien beharrean diren hiru pertsonaiaren istorioak nahastuko dira, eta haien bizipenek lehena eta orainaren arteko mugak ezabatuko dituzte, herriarekin duten maitasun-gorroto erlazioa azaleratuz. Enbataren arriskupean, barne-lurrikarek egingo dute eztanda. Leku bat omen zuen hori leku bat omen da haientzat oraindik.

Itxaro Borda

Lau gau Usurbilen, lau gau zuritzen dabiltzan bi pertsonaia, narratzailea eta Nadia. Adiskidantza istorio bat. Harria eta ura dituzte aipagai: batean Andatza eta Ingemar lantegi kasik abandonatuaren hondamendia, bestean Oria ibaia eta hartzen dituen gainerako errekatxoak, bizitzaren zainak guztiak. Iragana eta oraina nahasten dira orrialdeotan, Usurbilgo izar poetikoekin batera jendeek eta auzoek osatzen duten Usurbil ezezagunago bat agertzen zaigula. Usurbil, sekula ikusi ez duzuen moduan.

Sarai Robles

Urte luzez bere herritik kanpo bizi ostean, Ondarroa eta Berriatuara itzuliko da Amets, bere gurasoak zaintzeko asmoz. Bertan topatuko duena, ordea, espero zuenaren oso bestelakoa izango da: ezer aldatu ez den herrian, dena zaio ezezaguna orain.

Non gordetzen da memoria? Etxean, ezkutuan, herriko paretetan? Norena da memoria zaintzearen ardura? Denborarena, lagunena, norberarena? Eta memoria bera, norena da?

Amets laster jabetuko da gainera datorkionaz. Ordura arte, adi.

Peru Calabaza Saban

Herri baten historia kontatzeko orduan gertakizun politiko eta sozio-ekonomiko garrantzitsuenak aipatu ohi dira. Ez da inoiz kontatzen herri baten historia xamurtasunaren historia dela, hura denez gizataldea elkarrekin lotzen duena. Maitasunaren adierazpenik lasai, eder eta sendoena da. Begiradak, besarkadak, muxuak, laztanak... Xamurtasunak gure egunerokoa zeharkatzen du. Nola bizi dugun, zer ematen diogun xamurtasunari, halako pozez bizi gara. Bizi-kalitatearen kodea da. Baina nola kontatu liteke herri baten xamurtasunaren historia?

Fito Rodriguez

Ez da erraza izaten iluntzearena ulertzea. Bere denborak, neurriak eta koloreak ditu, eta, gainera, ez dago bakar bat ere beste baten berdina denik, zientzialariek xehetasunak bereizten eta izaera isolatzen jakin behar badute ere ezin dute argitu ahal ostantza.

Ia berrogei urte herritik kanpo egon ondoren iritsiko da Teles Zumaiara. Lagunek Beltza ezizenez ezagutzen zuten baina bere gazte garaiko adiskide gutxi aurkituko ditu. Alabaren etxera joango da Pello bilobarekin logela berean gauak pasatzeko baina ustekabeko egoera berri batek dena nahastuko du.

Iban Garro

Lau izkinetara zabaldu zen 2013an, San Fermin bezperan, Iruñean bizitutakoa. "Arrantzale" talde batek herriko etxe aitzinean jarritako ikurrinarena, hain zuzen. Agintariek ez zioten bestari hasiera ofizialik eman ikurra kentzera behartu zuten arte. Antzeko gauza gertatu zen Urepelen, orain dela lau hamarkada baino gehiago. Bertan ospatzen den "Marka" egun handian ikurrina bat azaldu zen elizaren puntan, lehen ordutik. Han ere, agintariek ez zioten besta egunari hasierarik eman ikurra kendu arte.

Nahia Zubeldia

Phileasek ez du deus sentitzen. Sortzean ez zuen negarrik egin, lehen musuak ez zion loriarik eragin, heriotza parean ikusteak ez du okaztatzen. Biolina jotzen duelarik ere, hotz gelditzen da, nahiz entzuleei sentipen neurrigabeak eragin. Amaren desirei segika moldatu zuen bizitza, baina Phileasek ez du ezer nahi, ezer maite ez ezer gorroto.

Bira baten menturaz, Larrabetzura iritsi da eta bertze mundu bat zabaldu zaio; ustez.

Partaideak (herriak): Oñati, Bergara, Antzuola, Elgeta, Usurbil, Amasa-Villabona, Zestoa, Zumaia, Zaldibia, Oiartzun, Hernani, Galdakao, Ondarroa, Berriatua, Arrigorriaga, Larrabetzu, Leitza, Bera, Lesaka, Lodosa, Sartaguda, Andosilla, Mendabia, Tafalla, Atarrabia, Uharte, Etxarri Aranatz, Araitz, Betelu, Larraun, Zuia, Artziniega, Uztaritze, Baigorri, Urepele, Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarre

 

Babesleak (eragileak):

Agerraldia (Errigora), Andoze Elkartea, Hamaika Telebista, Nafarroako Gobernua