7
“Bukatu duzu?”, Nekaneren ahotsak ezustean hartu du. Pantailatik altxa ditu begiak.
“Bai; tira, ez, hau ez dakit sekula amaitzen den...”.
“Lasai, ez didazu azalpenik eman behar. Etor zaitezke nirekin?”.
Bere atzetik abiatu da, jakin gabe nora. Zeharkatu dute kale bakarreko herria. Espaloi estuan zehar mundu osoa: eliza noski, liburutegi txikia, eta alboan udaletxea. Behinola taberna ugari izan zituen herriak, orain astean zehar aterpetxekoa, eta asteburuetan besteren bat. Plaza giro dago beti hala ere, jendeak bilatzen ditu, gorputz hutsez, denbora partekatzeko espazioak.
“Zenbat jende bizi da hemen?”.
“Hemen? Seiehun inguru”.
“Ez du ematen”.
“Parte handi bat baserrietan bizi da”.
Kanposantu ondoko zidorretik abiatu dira. Bera Nekaneren atzetik, pausoari eutsiz. Zer esan ez dakienean babesleku ohi zaio ofizioa. Berbak ahora ez datozkionean, lanabes dira galderak. Edonork du istorio bat, edonork nahi luke entzuna izan. Baina Nekane ez da erraz jausten.
“Zu ere baserrikoa zara?”.
“Izan nintzen. Baina kalekumea. Hala esaterik bada, kale bakarreko herrian”. Barre egin duela iruditu zaio, baina zidorra estua da, haren bizkarra ikusten du soilik. “Hala esaten zidaten beti txikitan. Kalekumea. Baina hemen kalekume orok daki zer den belarra egitea”.
Berak ez, esan gabe doa. Isilik gordetzen ditu gogoak ulertzen ez dituenak.
Iritsi dira, antza. Ataka pasatzeko ere komeriak. Saiatu da irekitzen, bidea zabaltzeko lotura askatzen, baina kosta egin zaio. “Utzi niri”, esan dio Nekanek. Eneka lotsagorritu egin da, beti iruditu izan zaio oso konplexua gauza sinpleen logika. Urduri jartzen da eskuekin edozer egin behar duenean. Nor eta bera, unibertsitatean festa bakar bat ere galdu gabe gelako notarik onenak atera zituena. Nekaneren ahotsak ez du zirkinik egin, hala ere; ez isekaz, ez epai airez ere.
Ataka itxi eta basora sartu dira. Enekak guztiari erreparatzen dio, hitzak topatu nahian: zer esan, zer adierazi, bertan egoteko eskubidea eskuratu guran. “Polita da hau”, hitzak plastilinazkoak egin zaizkio ahoan. Malda txiki bat igo dute, zuhaitzek eta sasiek inguraturik. “Sasia kendu behar da”, esan dio Nekanek, “baina nik ezin dut, eta oraintxe ez dut inori ordaintzeko dirurik”. Enekak ez daki iruzkin hutsa den edo ezkutuko proposamena, isilik geratu da badaezpada. Lurra estaltzen duen geruzari erreparatu dio, jakin gabe belarra den, sasia, edo lorategia. Egin dute gora, bertan bada soilgune txiki bat. Baso puska bat dute begi aurrean, hesiak inguraturik, egurra eta alanbrea, sarea tarteka. Begiak paisaia berrira ohitzen saiatu da. Apur bat aurrerago behera egiten du mendiak; hezeago, ilunago dago bertan, ez du eguzkiak sarri bainatzen zokoa. “Hortxe mugarria, bertan hasten da hurrengo herria”. Erreparatu dio harrizko eskulturari, edo berak eskultura dela liokeen ipotx harrizkoari. “Alde honetan ez dago hesirik”, dio Enekak, baso itxia du aurrean. “Egon bai”, dio Nekanek. Pozik Eneka, komentarioarekin asmatu duelakoan. Nekanek sasi artera eraman ditu eskuak, tira egin du, arnasak traba egin dio. Lagundu dio berak ahal izan duen moduan, zutik jarri dute makila, bertatik zintzilik alanbre herdoildua. “Hau ere konpondu beharko da ba”, Nekanek.
Zokotik gora bada beste muino bat. “Hemen egoten dira”, “Nortzuk?”, “Ehiztariak”. Oraingoan bai, ahotsa kolorez aldatu zaiola esango luke. “Ezagunak?”, “Batek jakin”. Nekanek zeozer hartu du lurretik, garagardo lata bat, kontserba ontzi bat. “Kabroiak”, ez zuen halako berbarik espero, ez da ausartu beste ezer esaten. Egin dute berriz basoan behera. Soilgunetik gertu bada txoko bat, zeinean hesia garbi dagoen. Bertatik dauden bistak zabalak dira, ez da zuhaitzik aurrean. Orduan jabetu da basoak duen altueraz. Urrunean putzu urdina suma daiteke, haragoko mendien arteko tartetik. “Hemen ere”, “Ehiztariak?”, “Bai”. Hasi zaizkio begiak paisaiara egokitzen, hasia da naturaren ordenan akatsak sumatzen: hesiak adarrak ditu zutik lotuta, txabola eraiki nahi izan duten haurren esku traketsek jarriak nola. “Begira hau”, hesiari loturiko sarean zuloa. “Hautsita dago”, baieztatu du Enekak, “Ez”, Nekanek ukitzen ditu ertzak, “Ebakia”, “Zergatik?”, “Zakurrak pasatzen dira bertatik haiek tiro egin ostean, ehizakien bila”. Begiratu du hesitik aurrera, gora ondoren; txori bat ikusi du, beste bat entzun, ez luke jakingo esaten zer diren. Arranoa ikusiko balu, ustez, jakingo luke ezberdintzen, besterik ez. “Goazen”, eraman dituzte oinak berriz ere zidorretik behera. Naturaren semiotika, ezin du ekidin hitzak bilatzea, hasia da ingurua dekodetzen. Ez da lengoaia, denbora da, begiratzeari eskaintzen zaion tartea. “Zuhaitz asko daude erorita”, “Gaixorik”; “Pinuak?”, “Bai”. “Eta ezin da ezer egin? Hemendik eraman, edo...”, “Dirua, hori ere”. Bidearen erdira jausi dira hainbat, haien gainetik pasa behar izan dira. “Eta hauek?”, orain arte ez die erreparatu, ez du jakin ikusten: makila finak beste makila batzuei loturik. “Haritza”, hauek haztean ez dute uzten inguruan sasirik jaiotzen. Enekari arraroa egin zaio, beste behin ere ez da ausartu ezer esaten. “Zuk jarri dituzu?”, “Bai, azken urteetan. Ez ditut nik goian ikusiko”, hunkidura halako zerbait, hotzikara leuna. Nork ikusiko ditu orduan? Berak dakiela, Nekanek ez du ondorengorik, ez ahaide gertukorik. Zertarako, norentzat orduan? Galdera trabeska geratu zaio eztarrian.