Piztiak esnatzen direnean
Piztiak esnatzen direnean
Maitane Perez

AJANGIZ-ERRIGOITI-MUXIKA
 

 

BIZIRAUTEA

 

Armiarmaren arrastoak eskutik garbitzen ari zela entzun du, kurrinka ozena, izu bortitza eragin diona. Azkar goiko argitxoa itzali du, ilunean geratzeak desagerrarazi egingo balu bezala, arriskuengandik babestuko balu bezala. Baina ikusteko premiak astindu du, eta giltzari eragin dio, kotxeko argiak piztuz. Bere aurrean errepidea hutsik dago. Asfalto bustia, besterik ez. Ertzetan belarrak, garoak eta zuhaitz enborrak tente. Alboetara begiratu du, urduri, begitartea zimurtuz, baina ez du ezer ikusten. Eltxoak dozenaka agertu dira argien berotasunarekin jolastera. Sustoa gainetik kendu nahian, burua atzera bota du berriro ere, eta arnasa baretzen saiatu da. Ez daki zer izan den entzun duen hori, ez daki benetan entzun ote duen. Ez daki benetan zertan ari den, mamu baten bila, galdutako oroitzapenen bila, basoaren erdian, basapiztiekin enkontru bat izateko desioarekin, basapiztia bat agertuz gero hiltzeko moduan ikaratuko zela jakinda eta bere burua nola defendatu ideiarik ere izango ez duela jakinda. Iluntzean landetxera bidean zihoan eta hara non ikusi duen orain bere burua, basoaren erdian, gauaren erdian, kotxe batean sartuta babesean sentitzeko eta hala ere beldurrak harturik, leihoak itxi-itxiak eta iluntasunari begira, iluntasuna ulertzen ez dakiela badakien arren. Erridikulua iruditu zaio egoera, erridikulua bere burua. Eta barrez hasi da, barre baxu eta zintzoaz, bere buruaz barre egiten duten horiena bezalakoa. Kotxea martxan jarri du eta gidatzen hasi da, eta leihoak ireki ditu galderak, amorruak eta minak basoan barreiatzen utziz, bere barrearekin batera hegan egiten utziz. Ardurak onartzeko gai da, aurrera egiteko gai da, begirada hori bestearen esku dagoela onartzeak lana ekarriko dion arren, aurre egingo diela doluari eta ulertzen ez duen guzti horri. Eta pinuditik atera da, gelditu gabe, kotxean sartzen diren eltxoak harrapatuz. Landak eta auzoak zeharkatu ditu, gaueko usaina eta astoen usaina eta ahuntzena eta urrutiko eukaliptoena arnastuz, semaforoz eta “kontuz, animaliak” dioten seinalez betetako herriko errepidera itzuli den arte. Eta barrea baretuta, arnasa baretuta, errekonozitzen ez duen kurrinka antzeko soinu baten oihartzuna buru barruan, motel gidatu du landetxera bidean, ahal duen lasaien, ahal duen mantsoen, bizirauten jarraitzeko.