GAUEZ GIDATZEA
Zata batek larri saihestu du autoaren kontrako kolpea. Entzun izan du txori hauei buruz, gauez ibiltzen direnak, isilak, agresiboak, errepide erdian geldi-geldirik egoten direnak eta bat oso gertu egon arte mugitzen ez direnak, eta orduan abiadura bizian hegan egiten dutenak, zerotik ehunera, zure kotxearen kontra.
Atzeko ispiluari begiratu dio animalia hobeto ikusi nahian, baina iluntasunak ez dio aukerarik eman. Iluntasunak ez dio aukera handirik ematen iluntasuna ulertzeko gai ez denari. Leihoak erabat ireki ditu, gaueko airea arnasteko. Usainak eta soinuak kotxe barruan sartu zaizkio kolpez: pinu bustien usaina eta eltxoen zurrunbiloa, mozolo baten ulua, atsedenik hartzen ez duten urrutiko behien zintzarriak.
Freskatu du gauak, egun sargoriaren ondoren. Ekaitzaren aztarnak nonahi, basoa zeharkatzen duen errepide bihurri horren alboetan putzu txikiak ageri dira, eta zuhaitzetatik euri-tantak erortzen dira ekaitzaren memoriari ohore eginez. Isiltasun faltsu batek hartu du basoa, ezkutuan dagoenaren konplize. Isildu dira jada tiro hotsak, arratsaldea zulatu dutenak, inguruko baserrietako txakurrak zaunkaka jarri dituztenak. Eguneko soinuek gauekoei lekua egin diete; gaua esnatzen doa.
Bide luzea dauka oraindik landetxera iristeko, baina ez zaio axola. Bide zuzenagoa eta erosoagoa hartu zezakeen baina nahita hartu du hau. Lehenago irits zitekeen, baina ez du nahi izan.
Ez daki zehazki noiz hasi zitzaion gauez gidatzeari dion afizioa. Lehen nekagarria zitzaion, aspergarria, luzea. Saihestu egiten zuen. Orain bilatu egiten du, beharra dauka. Ohitu da, agian. Lanagatik, egunak luzatzeko gogoagatik, edo bakardadea disfrutagarri bihurtzen ikasi duelako, beharbada. Autobide eta karretera handiak utzi eta bigarren mailako errepide bihurrietan gidatzeari gustua hartu dio. Poliki joateari. Musika eten eta soinuak entzuteari. Poliki gidatzean gehiegi pentsatzeko arriskua dago, baina arriskuan egotea gustuko du. Oroitzapenak ager daitezke, agertzen dira, edozein momentutako oroitzapen konkretu edo lausoak, eta haiek etortzea baimentzen du, arriskutsua izan arren, zauriak irekitzeko arriskua egon arren. Bigarren mailako errepideetan gidatzen dabilenetik ertzetara adi egoten da, erne, basapiztia noiz agertuko zain.
Duela urte batzuk ikusi zuen lehenengo aldiz basurde bat errepidean, oraindik gauez gidatzea gehiegi gustuko ez zuenean. Bilera nahi baino gehiago luzatu zitzaion eta iluntasunean etxera bidea hartu zuen, adi, urduri, begiak eta burua nekaturik. Karretera estua zen, iluna, herri txikien artekoa, eta pixka bat aurrerago linterna batekin seinaleak egiten zizkion gizon bat antzeman zuen. Abiadura moteldu eta berarengana iritsi zenean, gizona baino pixka bat aurrerago kotxe bat geldirik zegoela ikusi zuen, eta haren ondoan emakume bat. Gizonak urduri kontatu zion basurde talde handi bat gurutzatu zitzaiela kotxe aurretik eta horietako baten kontra talka egin zutela, eta abisatu nahi zuela, motel joateko, asko zirelako eta badaezpada baten bat gehiago gurutzatuko ote zen beldur. Eskerrak eman zizkion eta aurrera jarraitu zuen, mantso, emergentzia argiak pizturik. Gelditutako kotxea aurreratzerakoan aurreko partea erabat txikituta zuela ikusi zuen, harkaitz baten kontra jo izan balu bezala. Eta pixka bat aurrerago basurdearen gorpua ikusi zuen lurrean. Benetan handia zen, ileak zikin, odolez estalita. Bizirik gabeko animalia neurrigabea. Arnasarik gabekoa, begiradarik gabekoa, basorik gabekoa. Nahigabeak hartu zuen, eta aurrera jarraitu zuen ertzei arretarik kendu gabe, soroetako iluntasunean beste piztia batzuk identifikatu nahian, motel, gorpuaren irudia buruan eta nekea begietan, etxera iritsi arte.
Malda pikoko karretera estuak aurrera egiten du sastraka artean, pinudi zaharrean sartuz. Azken eguna dauka eremu honetan, bihar autobidea hartu beharko du. Basapiztien presentzia desagertuko da. “Kontuz, orkatzak” dioten seinaleak desagertuko dira. Horregatik erabaki du bide hau hartzea, luzeagoa, deserosoagoa, arriskutsuagoa dena. Helmugara iristeko modu asko baitaude, azken finean.
Azken egunetan baserritarrekin izandako elkarrizketak biltzen dituen koadernoa alboan dauka, eta artikuluari forma nola emango dion pentsatu beharko lukeela badakien arren, nekatuta sentitzen da, gau-haizeak pentsamenduak labainduta. Baserritarrek kontatutakoak buruan bueltak ematen dabilzkio etengabe azken egunetan, batez ere, ziztada egin dioten horiek, artikuluan nola edo hala sartu nahi dituen horiek. Baina antolamendu on bat topatu behar du, estruktura bat, modu bat, eta horretarako mahai lana egin beharko du. Kontzentratu beharko du, bihotzetik paperera mugitu, burutik teklatura eraman, lanean jarri. Eta horretan tristurak ez dio laguntzen.
Ez daki zehazki noiz hasi zitzaion gauez gidatzeari dion afizioa, baina badaki oroitzapen zehatz batzuetara lotuta dagoela, zehaztu ezin dituen arren. Badaki galdu duenarekin lotuta dagoela, faltan botatzearekin. Badaki basurdearekin topo egin zuen lehen aldi harekin lotuta dagoela. Eta gurutzatu zaizkion hurrengo aldi guztiekin ere. Horrek ekarri duela hona, eremu honetara, artikulu honetara, bizipen honetara. Eta arrisku hori berriro bizi nahi duela, gertatu ez zen begirada horren beharra duela. Eta horren bila doala, gau honetan, hemen, azken aldiz.