ILUNTASUNA
Geldi-geldirik dago kotxe barruan, mugitzeak izutuko balu bezala, eskuak bolantean pausaturik. Hontzaren hegaldiak nahastuta utzi du, urduri. Inguruan dena da garoz eta ezkutaturiko karraskariz betea. Begirada aurrera zuzenduta dauka, baina ez dago bertako ezeri begira. Ilun dago inguruan, kotxearen kanpoaldean, eta kotxearen barnealdean ere bai, eta bera ez da iluntasuna ulertzeko gai. Beste horrek jarritako distantziak eragiten dion minak bihotz taupadak markatzen dizkio, uluen antzera, aspaldi isildu den okilen zarata erritmikoaren antzera. Armiarma txikiek metalezko estruktura ikertzen dute eta sare txikiak osatzen dituzte gurpilen inguruan, atzerako ispiluen inguruan. Zerbaitek bertan geldirik egotera bultzatzen du, eta ez du joateko inolako imintziorik egiten, ez dio giltzari eragiteko keinurik egiten, oinak pedaletatik urrun ditu. Begirada baten beharra dauka, besterik ez, egiazko begirada baten beharra, gezurrik gabeko begirada baten beharra. Amorruak eta minak lasaitzen lagunduko dion begirada bat, begirada basati eta kontaminatu gabeko baten desioa. Agurtzeko aukera izatea, besterik ez, agurtzeko eskubidea izatea. Arnasa hartu du sakon, hasperen handiaz, eta burua atzera bota du, buru-euskarriaren kontra ezarriz. Begiak itxi ditu, basoko iluntasunari begiratzeaz nekaturik.
Ezagutzen ez duen soinu batek berehala atera du bere deskantsutik. Gauari begira geratu da berriro ere, baina ez du ezer ikusten. Buru gaineko argi txikia piztu du eta ondoko eserlekuan duen koadernoa hartu du. Orrialdeak aurrera eta atzera pasa ditu zerbaiten bila, eta topatu duenean gastatzear dagoen boligrafoarekin paragrafo bat borobildu egin du. Ondoren koadernoa itxi eta alboko eserlekuan utzi du berriro. Aurreko paneletik lasai dabilen armiarma ņimiņo bat zapaldu du esku ahurrarekin.