Piztiak esnatzen direnean
Piztiak esnatzen direnean
Maitane Perez

AJANGIZ-ERRIGOITI-MUXIKA
 

 

BASERRITARRAK: 2

 

“Gauean oiloek kristoren zalaparta egin dute, kakarakaka ero moduan, esnatu gaituzte, eta iritsi garenean han topatu ditugu, hilik, lepoetan letaginen markak eta gorputzak hustuta. Sutan, sutan jarri naiz. Ez da lehenengo aldia, e! Erbinudea nondik sartu den bilatzen egon gara, baina keba, ez dago zulorik, ez dugu ezer topatu. Gaur hesiak sendotu beharko ditugu. Eta sarraskia garbitu, noski. Odola barreiaturik oilategi osotik, usain bortitza zuen odolak, erbinudeak edan ez duen hori. Erbinudeak odola zurrupatzen die oiloei eta alde egiten du. Ez du merezi, oilorik izatea! Erbinudea ez bada azeria da edo bisoia edo belatza. Denak desagertzen dira, banan-banan. Azeriak oiloak eramaten ditu, bisoiak burua kentzen die, erbinudeak odola edan eta bertan uzten ditu, hutsik... Oiloetako bat bizirik zegoen oraindik iritsi garenean, gixajoa, odol pitin batekin bizirauten, sufritzen, mokoa irekitzen soinurik atera gabe eta begiak buelta emanda. Akabatu egin dut, esku hauekin, oiloaren burua esku batez hartu, gorputza besteaz, eta krak. Ohituta nago. Eta ohera itzuli gara. Zer egingo diogu ba? Amorrua etxeko zapatilak odolez zikindu zaizkidala”.