PIZTIAK ESNATZEN DIRENEAN
Kotxe bat agertu da kontrako norabidean, argi luzeak jarrita. Gizon bat dator kotxean, egun hauetan elkarrizketatu dituen nekazari horien itxurakoa, masailak ilun eta begiak gauari ohituak. Errepide estuan ez dago bientzako leku nahikorik eta gizonak ez du egiten alboratzeko keinurik. Azkenean bera alboratu da ertzera pixka bat, belarrak zapalduz. Zanpatutako apo baten irudia etorri zaio burura. Buruarekin eskerrak emateko keinua egin dio gizonak, serio. Badaki zer pentsatzen egongo den, nora ote doa kanpotar hau ordu hauetan baso honetatik, nor izango da, zertan ariko da. Begirada itzuli dio, labur, eta bolanteari begira geratu da, gizona pasa bitartean. Atzeko ispilutik kotxearen argiak urrundu direla ziurtatu du, eta pixkanaka atera da errepide ertzetik, aurrera jarraitzeko. Apoaren irudia hor geratu da, tripak kanpoan.
Aurrera egin du pixka bat, basoa ilunago eta sendoago bihurtu den arte. Bertan kotxea gelditzea erabaki du, errepide erdian, agertu den beste kotxe horrekin gaueko kupoa beteta egongo denaren ziurtasunez. Kotxeko argiak itzali ditu eta motorra gelditu du. Leihoak zabalik, hotzikara batek hartu du bere gorputza, gaua eta aire freskoa eta eltxoak kotxera sartu direlarik. Beldur da. Bakarrik dago eta ez du disimulatu beharrik. Beldur da eta ez daki leihoak zabalik mantentzea arriskutsua ote den, zein tamainatako animalia basatiak sar daitezkeen leihotik, bere gainera, eraso egin nahian. Ez du disimulatu behar animalia gehienen izenak ezagutzen ez dituela, nolakoak diren ere imajinatzen ez duela, ez dakiela zeinek jaten duen zein, zeinek akabatzen duen zein, zeintzuk diren oiloak eramaten dituztenak edo bururik gabe uzten dituztenak edo odolez hustuta lurrean hiltzen uzten dituztenak. Ez du disimulatu behar beldur dela, basoak beldurtzen duela, ehizak beldurtzen duela, erasoari aurre egin behar izateak beldurtzen duela.
Aspaldi konturatu zen basapiztiak esnatzen diren ordu berean esnatzen zaizkiola berari minak eta itolarriak. Ilunabarrean bihurtzen direla babesak ahulago. Basoan, gauez, gertatzen diren gauzak eta bihotzean, gauez, gertatzen direnak ez daudela bata bestearengandik hain urrun. Gizakien ekintzak bukatzen direnean hasten dira piztienak, baita barruko piztienak ere. Gauez basoko animalien artean etengabekoa da ehiza, arriskua, alerta, irabaztea edo galtzea. Eta, katajinetari bezala tenkatzen zaio berari ere gorputza gauez harrapakariak agertzen zaizkionean, oroitzapenak, galderak, ulertu ezinekoak, amorrua, gorrotoa eta pena. Gaueko lehia horretan asko dauka galtzeko edo irabazteko. Azkartasunak eta indarrak biziraupena markatuko du. Basatasun kontua da.
Basoko soinuei adi geratu da une batez, ezagutzen ez dituen hotsek erakarrita. Erabateko iluntasunean dena da handiagoa, beldurrak, eta ausardiak ere bai. Minak, eta barkamenak. Baina batez ere galderak dira handiagoak, erantzunik gabe geratu zaizkion galdera horiek guztiak, beste horrek inoiz erantzungo ez dizkion galderak, betirako berarekin eramango dituenak. Eta bere minaren aurrean bestearen minak zein tamaina duen ulertzen saiatzen da. Eta bere oroitzapenen aurrean bestearen oroitzapenek zein tamaina duten ulertzen saiatzen da. Eta gauez basoko usaina ederra dela pentsatzen du, eta erruak bularrean mina egiten diola, eta ardurak onartzeko gai dela, eta ez dakiela zergatik nahastu duten hainbeste baserritarren kontakizunek, eta basurde-bideak eta basurdeen aztarnak ezagutzen ikasteak poztu egin duela, nahiz eta badakien ezer gutxirako balioko diola. Eta nahiz eta badakien basurdearen begirada topatzeko desioa beste horren presentziaren beharra besterik ez dela. Haren begiradan egia topatzearen beharra, esatera ausartu ez zena, bere barneko egia. Dolua hasi ahal izateko eta dolua bukatu ahal izateko. Ulertzeko. Ulertezina den hori behingoz ahazteko.
Zerbait mugitu da sasien artean, baina ez du ezer ikusten. Hontz handi baten hegaldi leuna sumatu du, gertu, oso gertu. Leihoak ixtea erabaki du, barrura sartu diren sitsak nola aterako dituen pentsatzen duen bitartean, barrura sartu diren basapiztia guztiak nola aterako dituen pentsatzen duen bitartean.