Piztiak esnatzen direnean
Piztiak esnatzen direnean
Maitane Perez

AJANGIZ-ERRIGOITI-MUXIKA
 

 

ODOLAREN USAINA

 

Estropezuka nabil, ezin neurtu, ezin usaindu, itsu. Hortzek mina ematen didate lokatzez betetako ahoan, mingainak itotzen nau, neure listuak haginak pozoitzen dizkit. Gorputzak kontra egiten dit, buruak kontra egiten dit, beldurrak hartua nauka. Zuhaitz ipurdiekin talka egiten dut ihes aztoratuan, ihes deskoordinatuan, ihes eroan, nire ezagupenek ezagutu ez duten ihes mingarrian. Lur pusketekin talka egiten dut non ezkutatu topatu gabe. Hiltzen duen hotsa etengabe errepikatzen zait belarri barruan. Bang. Hankak trabatzen zaizkit lur nahasi honetan, zuhaitzak desagertu diren lur hil honetan, ulertzen ez dudan hutsune honetan. Basoa zen aurrekoan, babes ematen zuena, eta desagertu egin da, hontzekin batera, trikuekin batera, saguzarrekin batera. Alderantziz dauden lur zatien artean geldo nabil, ezin azkarrago joan. Instintuak huts egin dit dagoeneko. Neure odolaren usainak zorabiatzen nau. Nire begiak jada ez dira iluntasuna ulertzeko gai. Lagun zaizkidan hotsak topatu ezinean nabil. Eta urrutitik haienak datoz. Leku hau jada ez da nirea. Ezin naiz geldirik geratu, aurrera egin behar dut, aurrera, amak erakutsi moduan, aurrera, jarraitu, hara, beste aldera, babesa eskainiko dizun baso batera, edozein basotara, basora. Ezin naiz gelditu. Jarraitu beharra daukat. Gorputz arrotzak hurbiltzen doaz. Nire odola usaindu dute. Badatoz.