MATARRASA
Matarrasa egiten dutenean errepideak lurrez betetzen dira, usainak aldatzen dira, bideak apurtzen dira, kamioien gurpilak nonahi markatuta agertzen dira, berdea zena marroi bihurtzen da, marroi nahasia, marroi hila. Matarrasa egiten dutenean paisaiaren eremu bat guztiz eraldatzen da, txoriek alde egiten dute, ugaztun txikiek alde egiten dute, izandakoaren memoria besterik ez da geratzen. Bizitzatik ezerezera, suntsiketa, hustuketa.
Gau itxian bizitza darion basoan barna dabilela, kotxeko argiek argiztatzen duten errepide zatiari adi, arratsaldean zeharkatu duen triskantza hura datorkio burura, zuhaitz guztiak errotik ateratako landa bisitatu duenekoa.
Txikitutako lur eremuak lehenago egondakoa iradokitzen zuen. Egondakoa eta desagertutakoa, egon daitekeena, egon litekeena, egon zitekeena. Bele batzuk bueltaka ikusi ditu arrasatutako landaren gainetik, oraindik bizirik geratzen ziren zizareen bila. Lursailari begira egon da denbora luzez, paisaia ulertu nahian. Alde batera bertako baso umila, beste aldera eukaliptoak, atzean sasiz betetako zelaia, argindar-dorreak eta kableak, zuhaixkak eta garoak, eta aurrean matarrasa egindako landa, lur nahastua, lur hila. Eta lurraren gabeziak bereak ekarri dizkio gogora, bere faltak. Urruntzea erabaki zuen hura ikusi zuen azken aldia zein izan zen gogoratzen saiatu da, baina ez du lortu. Eta galdetu ezin izan dizkion guztiekin zerrenda bat egin beharko lukeela pentsatu du. Eta hark adiskidetasunari jarritako harresiak bera hutsunean utzi duela baieztatu du, barruan dituen zalantza, oroitzapen, behar eta amorru guztiekin zer egin asmatu ezinik. Aukeratu ez duen absentzia bat onartu behar duela, orain paisaia horrek basoaren absentzia onartu behar duen bezalaxe, eta haserre dagoela, lurra bezala, baina ez batak eta ez besteak ezin dutela horren aurrean ezer gutxi egin. Gizakiek eraikitakoa gizakiek suntsitzen dute. Geuk eraikitakoa zaintzeko eta maitatzeko eskubidea daukagun bezala suntsitzeko eskubidea ere badaukagulako. Gurea delako. Mina kudeatzeko ardura bezala.
Beleen karrankek eta gerturatzen ari ziren trumoien soinu mehatxatzaileak urduritu egin dute, eta handik alde egitea erabaki du.
Kotxera bueltako bidean, pinudi txiki baten erdian zezen bat ikusi du, soka batez enbor bati lotuta. Zezenak burua altxatu eta zuzen begira geratu zaio, belar garaien artean. Erabat arrotza egin zaio irudia, zuhaitzen arteko distantzia artifiziala, zuhaixkarik edo sasirik gabeko basoa, zezenaren arraza berezia, argitasuna. Lekuz kanpo sentitu da, lekuz kanpo dagoela dakien honetan. Eta baserritarren kontuak etorri zaizkio burura, batez ere kitzikatu duten horiek. Eta landetxera itzultzea erabaki du, gaueko piztiak esnatzera doazen ordu horretan, eguzki argia lausotzen ari zela, zezenaren begirada trinkotik ihes egin nahian.
Herriko errepide nagusitik gidatzen zihoala, enara eta xomorroen artean, paisaiaren transformazioa aztertu du, argitik ilunera pasatzeko une hori, ertzak nabarmen egiten diren une hori. Mendien ertzak, zuhaitzen ertzak, baserrien ertzak, ilunaren tonu ezberdinen arteko mugak. Eztanda egin du ekaitzak bat-batean, bortizki, eta euriak gogor kolpatu du kotxeko kristala, ezer ikusten ez uztera iritsi arte. Abiadura moteldu du, eta haizetako-garbigailuak martxa azkarragoan jartzen saiatu da. Larri saihestu du semaforoan geldirik zeuden beste kotxeen kontrako talka. Urduri, arnasketa lasaitzen saiatu da, eta euriak deformatutako semaforoko argi gorriari begira geratu da.
Errepidearen bi alboetan mendixkak eta bertako basoen siluetak antzematen ziren, matarrasari eskapu egin dioten horienak. Eta aspaldian sentitzen ez zuen bulkada batek aginduta errepide nagusitik atera da semaforoak baimena ematean, eta gorako pista hartu du, bihurgunez betetako bidea egiteko, basoan sartzeko, gauaren testigu izateko, basoaren testigu izateko, badaezpada, desagertu aurretik.