BASERRITARRAK: 4
“Animalien beldur? Ez, ez. Sugeekin bai, belarra moztu eta sugerik agertuko ote den adi egoten naiz, hori bai. Eta txikitan miruekin, adibidez, txitak gorde behar zirelako. Baina bestela... Animaliak gu baino lehenago izutzen dira. Basurdeek, adibidez, gure usainarekin bakarrik alde egiten dute. Baserritar askok ile-apaindegira joan ondoren beraien ilea jartzen zuten soro izkinetan, basurdeak ez hurbiltzeko. Bestela oihu egin behar da, basoan edo, oihu egin eta listo, urruntzen dira denak. Beleak dira beldurgarriak, horiek bai, pinu puntan jartzen direnean eta kra-kra-kra hasten direnean bata besteari deika. Zer antolatzen ariko ote diren... pertsona gaiztoen antza hartzen diet nik, horregatik dira beldurgarriak”.