HILTZEN DUEN HOTSA
Trumoiak etorri dira. Tximistak etorri dira. Ekaitza etorri da. Guztiaren gainean erortzen den ekaitza, bizia ematen duena, lurra, hostoak, gibelurdinak, sahatsak, galanpernak esnatzen dituena. Muxarrak aztoratzen dituena. Miruak gelditzen dituena. Ekaitza etorri da soinuak ezabatzera, lurra biguntzera, usainak aldatzera, gauari sarrera ematera, ilunari, gure denborari. Gu, euriaren ostean putzuetan iraulka ibiltzen garenak, hezetasunaz elikatzen garenak, hezetasunean ugaltzen garenak. Ekaitza etorri da eta gelditu naiz, nekeak hartuta, geldi-geldirik, arte zabalaren azpian, euriaren azpian, eztanda egiten zuen zeruaren azpian. Ekaitzak baretu nau, arnasa itzuli dit, gosea ekarri dit. Muturrarekin lurra lardaskatu dut, sustrai hezeen eta barraskiloen eta satitsuen eta indarraren bila. Txakurren usaina daukat gainean, ileetan, hanketan, kirats nazkagarria, txakurren zaunka belarrien barruan. Ekaitza etorri da eta alde egin du gero, beti egiten duen moduan. Euria eten da eta irentsi ditut kakalardoak eta tuberkuluak eta perretxikoak. Eta putzu-zuloak aurkitu ditut, eta lokatz bigun eta gozoaz bete dut azala, eta akainek alde egin dute, eta hotsak esnatu dira berriro. Euria eten da eta basakatua usaindu dut, urubia, lepahoria, armiarma. Gaua etorri da, bere iluntasunarekin, eta aurrera egin dut, beste sustrai batzuen bila, lore zurien bila, erraboil mamitsuen bila. Eta orduan izan da. Orduan nabaritu dut, txakurrekin datozenen usaina, jarraitzen gaituztenena, ezkutaturik gure zain egoten direnena, hiltzen gaituztenena. Ni, eta nire senideak, eta nire seme-alabak, eta nire ondorengoak. Usaindu dut eta geldirik geratu naiz, sasi artean, arnasa isilduz, belarriak tenkatuz, muturra alerta, non dagoen ezin asmatu, hiltzen duen hotsaren aurreko klak zorrotza odolean sartu zaidalarik. Klak. Eta sasien artetik abiadura bizian atera naiteke edo geldirik geratu edo mugitzen den edozeren kontra kolpatu edo hil, usain nazkagarria duen hori hil, nire indar guztiz, nire basa guztiz, nire arbaso guztiekin batera, trosta bizian atera eta letaginekin haragia ireki, edo gelditu, geldirik, biziraun, borrokatu gabe, bizirik, defendatu gabe, bizirik. Baina ezin dut ezer egin izan. Eztanda etorri da, bat-batean, txarrak diren gauza guztiak etortzen diren bezala, danbatekoan. Hiltzen duen hotsa. Nire haragian zuloa bihurtu den hotsa, zauria bilakatu den hotsa, mina bihurtu den hotsa, nire garrasiarekin nahastu dena, odolez bete dena, herrenka trosta bizian atera eta jarraitu nauena, buru barruan, azal barruan, begien barruan, betirako, barruan geratu zaidan hotsa.