ENKONTRUA
Odolaren zaporeak erraboilarena ezabatu du, zizareena, perretxikoena. Dena hil du, itotzen naiz, mingaina puztuta, odolaren zaporea eztarrian gora. Basoak babestu nau azkenean, basoan barna nabil, hezetasunak lagundurik, ezaguna dudan basoak lagundurik, bizirauten. Izterrean zuloa, hiltzen duen hotsa zulo bihurtuta, zauri bihurtuta, min bihurtuta, min ikaragarria, min ezezaguna. Herrenka nabil, motel, zaunka egiten dutenen harramazkak bizkar eta sabelean, instintuak galduta. Eta buruaren barnean hotsa, hiltzen duena, betirako geratu zaidana, betirako nire parte izango dena, badena. Arnastu ezinean muturra lurrari itsatsita nabil bidea ez galtzeko, basoaren babesa ez galtzeko. Aurrera, beti aurrera. Baina basoa amaitu da, beti amaitu ohi den bezala. Eta zapaldu dut, zoru gogorra, artifiziala, ilunean ilunena dena, nire pausoen soinua aldatzen duena. Zeharkatu beharrekoa, simak edo errekak bezala, hildako basoak bezala, lur altxatuak bezala. Belarrak eta garoak eta sustraiak zikintzen zituen odolak lur beltza zikintzen du orain. Muturra hotzaren kontra bestaldeko basoaren arrastoa aurkitu nahian moteldu egin ditut nire pausoak, minak janda. Eta orduan usaindu dut. Biriketaraino sartzen den usain garratza, erakargarria, itsutu egiten gaituena, tranpara eramaten gaituena. Burua altxatu eta hor ikusi dut, nire aurrean, gertu, oso gertu, hiltzen gaituztenek erabiltzen duten oskol handi hori, metal usaineko hori, babesten dituen hori. Geldi-geldirik geratu naiz, belarriak tente, adi. Argi txiki bat piztu da barruan eta atzeraka egin dut ikarak hartuta. Eta ikusi dut, hor barruan, hiltzen gaituzten horietako bat, jarraitzen gaituztenak, zaunka egiten duten horien atzetik datozenak, zuhaitzen atzean ezkutatzen direnak, hiltzen duen hotsaren atzetik beti oihu egiten dutenak. Hor dago baina ez nau ikusten, ez nau begiratzen, ez du iluntasuna ulertzen. Eltxoak, zomorroak, sitsak itsasten zaizkit zaurietan. Har bat pausatu zait odoldutako zuloaren gainean. Minak, beldurrak, hirak hartu naute. Giharrak tenkatu ditut, listua eta odola eta behazuna ahotik darizkit, hortzak estutuz, begietan mina, nire belaunaldi guztien amorruak hartuta, eta garrasi egin dut, nik eta nire senideek, eta nire seme-alabek, eta etorriko direnek, denek nire ahotik garrasika, hemen nagoela esateko, hemen nagoela eta kontuz ibiltzeko eta erasorako prest nagoela eta min jasanezin honekin ere hil zaitzakedala, nik ere hil zaitzakedala. Usain arrotzekoak mugimendu arrotza egin du eta argia itzali da bat-batean, ezkutatu da koldarra, eta zaurian ziztada bortitza sentitu dut, eta sena entzun dut berriro, aurrera egin behar dudala, aurrera, amak erakutsi moduan, aurrera, jarraitu, hara, beste aldera, basora, basora, basora. Eta korrika egin dut, mantso, oso mantso, basoan sartuz, azala zuhaitzen azalaren kontra igurtziz, hiltzen duena atzean utziz, ikusi ez nauena, begiradarik gabeko enkontru aztoragarria atzean utziz, zomorroak gainetik kendu nahian, aurrera, gelditu gabe, ahal dudan azkarren, ikasi dudan moduan, bizirauten jarraitzeko.