BASERRITARRAK: 1
“Pinudia bertakotua dago baina ez da bertakoa, bertakotua dago duela hirurogeita hamar urtetik edo. Lehen ez zegoen pinurik hemen, eta ez zegoen hainbeste baso ezta ere, e! Gaztainak eta bai... Basurdeak eta orkatzak ere ez zeuden. Duela hogeita hamar urte edo etorri ziren. Erbiak bai, asko. Asko harrapatzen ziren. Aitonak hartzen zituen afarirako. Azeriak ere bai, lukiak. Aldatu da dena. Baso mota aldatu da, jada ez dago hainbeste erbi. Lehen sorbeltzak ehunka zeuden baina desagertu egin dira, eta saguzarrak berdin. Jada ez dago enararik ia. Kaioak datoz batzuetan. Landa handietan belarra mozten dutenean animalia txikiak, karakolak, zizareak, babesgabe geratzen dira, eta orduan kaioak etortzen dira. Ikusi izan dut batzuetan landa osoa zuria, kaioz beterik. Eta nola dakite? Hori ez dut inoiz ulertu. Nola dakite kostaldean dauden kaioek hainbeste kilometro barrurago zelai batean belarra mozten ari direla? Beste egunean belarra moztu genuen eta zikoinak etorri ziren, hori oso arraroa da. Eta belatzak. Eta orkatz txiki bat agertu zen saltoka. Zortea, ze asko makineriak hilda agertzen dira. Hor hil zuten bat, hango soroan. Eta putreak dozenaka etorri ziren. Putreak benetan ikaratzekoak dira. Lehen ez genituen hemen hainbeste putre ikusten, hori ere berria da. Eta orkatz ama putreei aurre egiten saiatzen zen, e! Baina keba, hogei minututan ez zen ezer geratzen. Burutxoa bakarrik geratu zen, gogorragoa delako edo. Eta hor egon da, soroan, luze”.