Piztiak esnatzen direnean
Piztiak esnatzen direnean
Maitane Perez

AJANGIZ-ERRIGOITI-MUXIKA
 

 

ZAUNKA EGITEN DUTENAK

 

Zalapartaka iritsi dira, hortzak erakusten, listua botaz, begiak sutan. Usaindu ditut, hurbiltzen. Arnasketa entzun diet. Giharrak tenkatu ditut baina azkarrak dira, azkar egin dute salto nire gainean, hortzak nire hanketan, nire sabelean, nire bizkarrean sartzen saiatu dira. Haienak dira, hiltzen gaituzten horienak. Haien usaina dute. Zaunka egiten duten hauen atzetik dator beti heriotzaren hotsa, hots sarkor, seko, ilun hori. Erre usaina duen hori. Nire anai-arrebak, nire ama, nire aurrekoak eta nire ondorengoak hiltzen dituen soinu hori. Betortzekin defendatu dut nire burua, eta sorbaldekin, eta buruarekin, eta gorputzarekin, indarrez, indar guztiaz, min guztiaz. Eta korrika egin dut, jatorrian bezala, amak erakutsi bezala, korrika, sasien artean, sastraken artean, zaunkak atzetik, hotsak atzetik, eta korrika, trostan, trostan, atzera begiratu gabe. Eta hiltzen duen hotsa etorri da. Bitan. Hirutan. Baina ez nau hil. Eta korrika korrika korrika egin dut, urrutira iritsi arte. Errekara iritsi arte. Eta geldirik geratu naiz, harramazketako odola usainduz. Eta pixkanaka beste usainak itzuli dira, mina ematen ez dutenak, on egiten dutenak, hosto zapalduena, bareena, intsusena, haltzena, azeri buztanena, igelena. Eta isiltasuna etorri da, baina ez da aurrekoa, ez da lotan hasi nintzenekoa, ez da hiltzen gaituztenak agertu aurrekoa, ezberdina da, itxia, dentsoa, arriskutsua. Begiak ez ixtekoa.