Piztiak esnatzen direnean
Piztiak esnatzen direnean
Maitane Perez

AJANGIZ-ERRIGOITI-MUXIKA
 

 

ARTIKULUTIK KANPOKO NOTAK:
BEGIRADAK

 

Bidean galdu dituzun horien begiradak dira sasien artean ezkutatzen direnak. Zure bizitzaren parte izateari utzi diotenak. Urruntzea erabaki dutenak, noizbait mindu zaituztenak edo mindu dituzunak. Aurpegia ematera ausartzen ez direnak edo aurpegia emango ote duten beldur zaren horiek. Ahazteko gai direnak. Loturak ukatzea erabaki dutenak, desagertzea, ez-existitzea, ezkutatzea. Sasien artean gordeta daude, basapiztien antzera. Ez dituzu ikusten, baina haien presentziak aztoratzen zaitu, ilunduran. Zure bidearen ertzetan makurtuta daude, begira dituzu, usaintzen zaituzte. Haien begien epaiak iluntasunari aurre egiten dio, azalari aurre egiten dio, zure zauriak usaintzeko gai dira. Garoen artean daude, muxarren begietan, katajinetaren begietan, sugeen begietan. Kotxeen kontra kolpatzen diren gautxori horien antzekoak dira, baso barnean zaunka egiten duten orkatzen antzekoak, kotxeak txikitzeko gai diren basurdeak bezalakoak. Ulertzen ez dituzun gauzak dira ahazteko zailenak, eta ezin duzu ulertu noizbait maite izan dituzunak zerk bihurtzen dituen ezezagun. Horregatik da dolua ulergaitza, bukaerarik gabekoa. Eta haien begiradak gainean dituzula zeharkatzen duzu basoa. Eta badakizu, ikusten ez dituzun arren, bere begiek dir-dir egiten dutela zure kotxeko argi gorrixkekin, eta hurrengoan, noizbait, zure bidera aterako direla. Eta gelditu beharko zarela. Gelditu, eta aurpegia eman.