Haize-lekua
Haize-lekua
Miren Artetxe Sarasola

ATXONDO
 

 

HAMASEI

 

Gau osoa pasa dut azkura batean, Presen.

        Dutxako urak eraman gabeko ileak lepoan eta bularrean eta belarriko zuloan eta azkura han hor hemen.

        Inaxik ere ez du gau ederra pasa.

        Garrasika eta alarauka aritu da gauerdian.

        Uju berak eta zer dun nik; uju berak eta zer dun ba; berriz ere uju eta zer behar dun, Inaxi?

        Gaixoak tragatu behar zuela uste nuen eta bada ezpada jesukristonerejaunaka ere aritu naiz.

        Gero arranak Anboton soinua galtzen duen bezala isildu da halako batean Inaxi ere, baina geroztik ez dut begirik bildu.

        Haize hotza dabil gaur, Presen. Laino-tontorrak datoz.