Haize-lekua
Haize-lekua
Miren Artetxe Sarasola

ATXONDO
 

 

HAMAR

 

Hara, sekula ez zait gustatu eta orain ere sekulako amorrazioa ematen dit. Bada atso bat hemen kexa besterik ez duena. Hau, hori, bestea, atzo izara garbietan orbana aurkitu ez bazuen, gaur izango du bazkaritan bezperako ogia jarri izanaren susmoa, eta hala ez bada bihar ariko da protestan garbitzaileek lanbasaren ura lorrinegi izaten dutela eta lur ugerdoak usain txarra duelako. Bere gelakideagatik ere jarduten du. Gelakide gaixoa orbel-herrikoa da, izatez, eta baldresa ere bai egia esan behar bada; baina haren pixoihalari usaina badario koitaduaren errua ez da. Ba han aritzen da erostan gure andre hau; saskila zer da ba, saskila! Egun osoan darabilen txiza-hatsa!

        Gaur esan dit Inaxik gure seņora arranguratsua entzun duela erizainari esaten ezetz eta ezetz, uzteko bakean, berak ez duela behar eta ez duela pixoihalik jantziko.

        Huntzak ere errazago egiten du gora pinu-azalaren arrakaletatik.