Haize-lekua
Haize-lekua
Miren Artetxe Sarasola

ATXONDO
 

 

SEI

 

Neure barrurako barrezka daramat arratsalde guztia, Presen. Gaur gainera Garbik ezin izan du etorri zaharrena dentistarengana eraman behar zuelako eta ezin izan diot inori kontatu.

        Telebistari begira geundela han azaldu da Gaur Eguneko mengel hori esaten ez dakit zenbat diru xahutu behar dutela ez dakit nongo elizako erretaula berritzen. Erretaula berritu? Nork ikusteko, baina? Gurean behintzat meza santua aditzera ez da arimarik joaten herejetuta gaudenetik.

        Orduan bota du Maribik, bera igandero joaten dela mezetara. Haren herrian oraindik jende mordoxka biltzen ei da eta bera ere alabak eramaten du igandetan. Betiko jendea ikustea gustatzen zaio. Ezpainetakoa eta perfumea eta eliza-atariko joan-etorriak eta hitz aspertuak. Oraingo abadea zera baino jatorragoa omen da, gainera, kontu egizu. Orain hurrena pulpitutik esan omen zuen infernurik ez zela. Esateko modu bat zela.

        Esateko modua? Guk umezaroan pasatako izu beltzak bekaturen bat egin eta aitortu bitartean; nik izan nituen tripako minak behin kongregaziotako igandean elizara bidean bide-bazterrean marrubi bat aurkitu eta jan nuelako, gogoratu gabe jauna baraurik hartu behar zela, eta gero elizan ezin ba komunioa hartu gabe utzi, zer esango zuten ba etxean, eta nik jauna hartu, eta horiek tripako minak pentsaturik bekatua barruan neramala eta berriz konfesatu bitartean zerbait gertatuz gero, irristada txarren bat nahikoa zen, infernuan bukatuko nuela, betiereko sugarretan.

        Zertzuk esaten zizkiguten baina ume zaparrooi garizumako misiotan ere. Dena zen bekatua orduan. Pentsamendua bekatua zen. Han aritzen ziren infernua gora eta infernua behera. Munduaren bukaera eta turuta-hotsak eta etsaia haren sarde eta guzti. Betiereko sua, inoiz itzaliko ez ziren sugar garaiak, bekatariak galdara berotan eta kondenak eta itolarriak eta eternitateak. Eta beldurrez airean gu.

        Ni jabetzen hasi nintzen erromerietan dantzan hasi ginenean. Axpeko abadeak lizunkeria gaitzesgarritzat zuen dantza lotua inondik ere, eta, aldiz, Axpen bekatu mortala zena Durangoko abadeak ez zuen debekatzen, eta han libre zen elkarri gerritik heltzea. Orduan hasi nintzen ni ernatzen; Durangon eta Axpen bi jainko ezberdin ez baziren, abadeei dena sinesterik ez zegoen.

        Ba hara non heldu didan besotik Maribik eta Inaxik ez entzuteko moduan galdetu didan, zuk zer uste duzu, Lali. Orduan, lehen ere infernurik ez zen, ala kendu egin dute?

        Neureak eta bi egin behar izan ditut algara betean ez lehertzeko. Irudikatzen al dituzu, Garbi, abade sotana-luze horiek denak infernua desmuntatzen? Nola hartuko zuten ba tramankulua desmuntatzeko lan-lekua esku-zuri horiek!

        Barreari eutsi eta halaxe esan diot Maribiri, hara, nik infernurako beldurrik ez zeukanat eta zerurako pozik ere ez.

        Hori da hori, Presen.

        Hainbeste jakin eta iruzur handienarekin konturatu ez.

        Zu ere argi askoa zinen, Presen, baina ez zenuen dena harrapatzen.