Behin baten bai eijetorren neska gaste bat, ausoko baserri baten josten einda gero, bere etxerantz. Eta bidian etorrela santzo bat entzun eijeban. Berak-be erantzun ein eijotzan.
Bigarren santzua. Eta berak-be bigarrenez erantzun eijotzan. Irugarrena, ta bardin.
Ba urrengo goxian toki artan ez eijeben aurkitu besteik ule batzuk ta janzki sati batzuk izan ezik.
E. Larraņagak Axpen jasoa, 1921ean.
ALFA
Oraindik akorduan daukat izan nuen arnasgora, eraikinean sartu nintzenean. Hain zen hura ohituta zegoenaren aldean ezberdina. Hain gela zuriak, hain leiho handiak. Eta egoiliarrak han, geldi. Geldotasun hark eman zidan atentzioa. Koadro batean sartu izan banintz bezala. Bizitza x0,5ean. Kontrastean, urrezko esku-muturrekoak elkar joz klin-klinka zerabiltzan zuzendari crossfitlaria.
—Ikusten duzu, instalazioak berriak dira, eta espazio guztia dago adineko pertsonen ongizatera bideratuta. Sarrera ere, esan dizudan gisan, irisgarria da gurpildun aulkientzako.
—Bera oinez ibiltzeko gai da.
—Bai, noski. Aurrera begira interesgarria da jakitea, dena den, eraikin osoa dela irisgarria. Lehen solairu honetako egongelan egin daitezke bisitak. Hainbat irakurgai ditugu bertan, aldizkariak, kartak eta dominoan jolasteko piezak ere prest izaten ditugu, eta haurrentzako jostailuak dauzkagu txoko horretan, bilobek bisitan etorri nahiko balute ere.
—Biloba gazteenak hamabost urte bete berri ditu.
—Ene! Ba oso gaztea dirudizu! Ezta, Josune?
Lau egoiliar mahaian jarrita zeuden eta Josune barreiatuta zeuden domino fitxak kutxan sartzen ari zen, mahaia kartetarako libratzeko. Ea gaur baten batek errebantxa hartzea lortzen duen, ezta, Maribi? Maribi izan behar zuenak zeharka begiratu zion, irribarrerik gabe, eskuan zeuzkan kartak kideei banatu bitartean. Josunek begi-keinua egin zidan. Begirada kendu nion.
—Etorri nirekin. Bigarren solairuan, ikusten duzun bezala, gelak dauzkagu. Korridore honetan banakakoak eta, beste hartan, binakakoak. Zuek binakakoa aukeratu duzue, ondo ulertu badut.
—Berak aukeratu du.
—Binakakoa aukeratu du. Ederki. Zatoz ba. Ikusten duzun bezala, hemen behar duen guztia izango du. Norberak bere armairua, ohea, mesanotxea, eta mahaitxo bat ere bai, bere jarleku eta guzti. Eta leihotik mendia ikusten da, dena berde; ez al da zoragarria? Telebista ere gela guztietan daukagu. Bizilagunarekin moldatu behar, zer ikusi aukeratzeko, hori bai! Ziur ederki moldatuko direla. Hemendik. Hirugarren solairuan miradorea deitzen diogun gela ere badugu. Begira zeinen ederra. Asko gustatzen zaie. Hemen ere telebista ikus dezakete, baina tarteka, leihotik begiratu eta hara ze bistak. Ez al da zoragarria?
—Zoragarria, bai.
Hau ez da Axpen sekula egon, pentsatu nuen nik. Pinudi zahar horri bista esan egin behar zaio, gero.
—Eta hemen errehabilitazio gunea eta psikoestimulazio gela. Batean ariketa fisikoak egiten dituzte, duten forma fisikoari eusteko, edo are, hobetzeko! Asko izugarri malgutzen dira hona etortzean. Ikusiko duzu. Fisioterapeuta oso jatorrak dauzkagu. Jende asko etortzen da hona errehabilitatzera soilik, ez pentsa. Ospitaletik etxera bidali ordez hona ekartzen dituzte hilabetez-edo, eta errazago bizkortzen dira. Zatoz, sartu barrura. Hemen, psikoestimulazio gelan, buru-ariketak egiten dituzte. Oroimena lantzekoak, puzzleak, horrelakoak. Asko gustatzen zaie. Atzo eskulanetan aritu ziren eta txukundu gabe dago, barkatuko duzu. Etorri nirekin. Hori da, hemendik. Eta hemen, tatxan! Ile-apaindegia. Hau da gure zerbitzu izarra.
—Premia badu, bai.
—Nola?
—Ez, ezer ez.
—Ez dakizu zeinen gustura egoten diren hemen kontuak esaten eta tinduak berritzen. Gizonak ere gustura etortzen dira e, ez pentsa! Apain askoak dira batzuk. Denetik dago, gauzak diren bezala. Hori kanpoan ere bai, ezta? Beno, ba nahi baduzu bulegora joango gara eta bertan egingo ditugu paper kontuak, ondo iruditzen bazaizu.
—Ondo da.
—Azpiko solairuan dauzkagu bulegoak. Hemendik, hori da. Itxi atea, mesedez. Eseri lasai. Ezer baino lehen fitxa bat bete behar dugu. Eulalia esan didazu, ezta?
—Bai, Eulalia Oleaga.
—Zer duzu, ama, amaginarreba, izeba?
—Ama. Ama dut. Nire ama da.
Halaxe esan nuen. Beste behin ere bai, beste hizkuntza batean ari banintz bezala, nire burua entzuteaz harrituta.
—Nire ama da.
—Ederki. Ai, ene! Ez ba horrela jarri, emakumea. Hor ondoan dauzkazu mukizapiak. Ez larritu, askori gertatzen zaie. Hartu arnasa. Batzuetan aukerarik onena da, benetan diotsut. Egon zaitez lasai, zure ama ondo zainduta egongo da.