Haize-lekua
Haize-lekua
Miren Artetxe Sarasola

ATXONDO
 

 

BOST

 

Esan al dizut? Dagoeneko ez dut garbiketarik egiten. Hilabetean ez dut trapu bakar bat ere ukitu, atera kontuak. Ze gauza, e. Garbitzaileak etortzen zaizkigu gela txukuntzera, izarak aldatzera, zakarrontziak hustera eta lurrak eta komunak diz-diz batean uzten dizkigute. Baita ispiluak eta bentanak ere. Zenbat bider pentsatu ote dudan, ene, leiho hauek guztiak garbitu egin behar dira, gero. Ba garbi-garbi izaten dituzte hemen leihoak. Etxeko marka dira, nonbait.

        Famatzen dituzte ba leihook, Presen. Ze bistak, kexatuko zarete, ze bistak. Hiriko hauek edozeri esaten diote bista. Egia esan eskertzen da begirada tarteka urrutira eraman ahal izatea. Hirugarren solairutik begira jarrita pinudietatik haragokoak ikus daitezke. Gogoratzen laguntzen du.

        Ba begira. Atzo egongelan telebista ikusten ari nintzela hara non ikusi nuen garbitzaile gazte beltzarana erratzarekin atzera eta aurrera, eta inbidia sentitu nuen, Presen. Nire burua ikusi nuen zure ezkaratzeko azulejuak errazten, Garbi eta Mireni bazkaltzen eman ondoren. Ogi papurrak, hautsa, ileak, plastikozko pala urdina eta heltzen nion lekua ilundutako isats-kirtena. Zuk harrikoa, nik mahaia eta lurra. Nire urterik onenak, Presen.

        Nola pentsatu behar nuen nik.

        Berri on bat ematen duenaren irribarrearekin esan zenidan. Felixek ezkontzeko eskatu dit, Lali! Bizilagunak izango gara! Barrua bitan zatitu zidan. Zure pozak. Aizkora-ahoa enborrean bezala sartu zitzaidan notizia sabelean. Ahaleginak egin nituen ezpalei eusteko. Hauxe berri pozgarria, Presen, hauxe berri ona.

        Esan egingo dizut. Hurrengo goizean egunsentiarekin Larranoraino igo nintzen ermitan Santa Barbarari eskatzera jo zezala oinaztarriak. Jo zezala bete-betean eta gelditu zedila ezkontza bertan behera. Negar egingo nuen hiletan, sorbaldatik helduko nizun esanaz hauxe da desgrazia, Presen, hauxe desgrazia gurea. Belaunak lurrean eta belarriak makurtuta eskatu nion jo zezala burutik behera. Ezkondu eta gerora ere urtetan piztu izan diot nik bedeinkatutako kandela Santa Barbarari ekaitza lehertzen zenean eta ez zenean. Trumoia bazen ala aldameneko bizitzan orrorik bazen berehala hasiko nintzen ni Santa Barbara, Santa Krutz, jaunak balio zekiguz, eta gure amak, berriz, honek dio beldurra oinaztuari honek.

        Ez zen berehalakoan hil gure lehengusu hori.

        Gaur pozten naiz Santa Barbarak ez zidalako kasurik egin, zer nahi duzu esatea. Ez Felixi inoiz estimurik izan diodalako. Ederki asko dakizu zuk hori. Aditu gauza bat, Presen, hori oso ondo egin genuen. Ez nik zuri berba txar bat harengatik, ez zuk berba onegirik niri. Gizon ona da. Horixe esaten zenuen, gehienez, muturra okertzen baldin banuen; gizon ona da.

        Gutxi behar du gizonak ona izateko, Presen.

        Zorionean landare okerra baina hazi onekoa izan, nonbait, eta hari zor dizkiot Garbi eta Miren. Horixe eskertuko diot beti zantar hari. Orain esan dezaket, Presen. Barkatuko didazu, baina zantarra izan zen zure gizona bere bizi guztian.