Haize-lekua
Haize-lekua
Miren Artetxe Sarasola

ATXONDO
 

 

BEDERATZI

 

Horiek dira ile-moduak horiek.

        Hara zer esan didan Garbiņek gaur ikusi orduko.

        Joan zaizkio honi erruak eta errukiak, Presen.

        Koskortzen hasi zenean egiten nion bezalaxe egiten dit orain berak niri. Horrekin bai damutzen naizela. Garbiri gozoago egin ez izanarekin.

        Hamabost urte zituen larunbat eguerdi batean auzoko hiru zaparro etxera txapela eskuan etorri zirenean. Gogoratzen duzu? Nola gogoratuko duzu, ez zeunden eta. Baina kontatu nizun.

        Goiza hotz zetorren. Amillana zebilen eta orbizten ari ziren etxe-azpiko pagoak zurituta zeuzkan zurdak. Aurpegian antzeman nien nik. Presen etxean al da, mutilek, eta ez, Durangon da, nik. Felix. Felix pinuak azpian harrapatu du. Eskuak laztuak izanagatik gazteena bizarrik hazi gabea zen oraindik eta izualdia joan gabe nabari zitzaion begiradan. Ahaleginak eta bi egin ditugu, baina ezin izan dugu garaiz atera. Jesusmariatajose esan, aitaren egin eta atarira eta bentanetara begiratu nuen berehala Garbiņe eta Miren inguruan ote zebiltzan ikusteko. Ez ziren ageri. Eskerrak eman nizkien mutilei eta lanera itzuli ziren. Gizonek ekarri zuten gorpua handik ordu pare batera edo. Ordurako nik eman behar izan nien berria zure bi alabei. Miren malkotan hasi zenean indarrez besarkatu nuela gogoratzen dut. Eta nola heltzen zidan berak gerria, esnezko eskutxo haiek nire artilezko jertsean ukabilduta. Eta nola joan zen Garbi sukaldera. Nola eraman zituen jaso gabe zeuden gosariko katiluak harraskara eta nola heldu zion erratzari ordura arte ikusi ez nion ganoraz.

        Begira geratu nintzaion eta ez nuen besarkatu.

        Hori kontatu nizun?