HAMABOST
Gaur Garbiņek zure berokia ekarri dit bueltan. Jostunak neurri-neurrira jarri dit. Mahukak laburtu dizkit, eta azpialdea ere bai. Paperezko poltsa batean ekarri dit, moztutako txatalak eta barruan zituela. Ez nituen bota nahi eta burkopean gorde ditut.
Eta bihar ezingo dut kartetan aritu, hitzordua dut eta ile-apaindegian. Ilea moztu, tindatu, bekainak txukundu, eta azazkalak pintatu behar ditut bizitzan lehen aldiz. Zer iruditzen zaizu? Ez nauzu sekula horren dotore ikusi, ezetz? Sorpresa zen, baina tira, orain badakizu.
Edonola ere, kartetan aspertzen hasia naiz, zer nahi duzu esatea. Gaurkoan orbela baino ez dut eduki, gainera, eta ernegatuta pasa dut arratsaldea, Presen. Dena laukoak eta seikoak eta pasakartak. Horrelakoetan ematen diot arrazoia Garbiri. Etxean, urdaileko zuloan amorrua pilatzen zitzaidanean kanpora atera nintekeen, etxe-jirako hortentsiak ureztatzera edo ortura, belar txarrak kentzera, edo egurra txikitzera. Egur-lanetik gorako amorruak, berriz, hobe aldapan gora bota, aizkorarekin eskapadarik egin gabe. Baina hemendik nora joan behar dut ba.
Zenbat aldiz igo ote naizen Artolako lepora arnasa erreta, Presen. Nik bakarrik dakit hori.
Uda bete-beteko larunbata zen, kortako hormaren kontrara hazitako pikua bete-beteta zegoen eta haren gerizpean ari nintzen nebarena izandako bizikleta zahar bat konpondu guran.
Felix belarretara zihoala paretik pasa eta “Atzamar-oskol beltz horiekin azaldu behar al dun bihar plazara? Neskazahar geldituko haiz, prima”. Ez nituen begiak altxa ere egin. “Nik hire lagunari bota zionat begia”, esan zidan. “Hark bai utzi errapeak ukitzen”.
Haginak estutu eta arnasari bularrean eutsi. Horixe egin nuen.
Ordurako pare bat igandetan neska-laguntzen joana zen zurekin Sagastaraino. Urteak ziren zuk gustuko zenuela. Begiratuan antzematen nizun zuri ere. Inguruko neska askok nahi zuten senargaitzat gure lehengusu hori. Osabak burdin minen garaian orbel mordoa egina zuen; etxea, bi bizitzakoa izanagatik, eliza ondo-ondoan zegoen eta hazpegi ederrekoa zen mutila, dena esan behar bada. “Pago lerdena zirudin hire lehengusuak”, zuk. Eta nik barruak lasaitzeko pentsatzen nuen pagoek, inausi ezean, karga hartzen dutela goian, eta haizeak berak botatzen dituela gero. Esaten nizun nik badaezpadakoa zela gure Felix. Zuk dantzan besoak noraino jasotzen zituen baino ez zenuen ikusten.
“Hire lagunari bota zionat begia”. “Hark bai utzi errapeak ukitzen”.
Felix bidean ezkutatu arte itxaron nuen bizikleta hormaren kontra bota eta Elexaburutik gora abiatzeko. Bururik ez nuen altxa Alluizpera iritsi eta Artolako zelaian amore eman arte, izerdi patsetan eta masailak sutan.
Belarretan etzan nintzen, gora begira.
Gerriko soka askatu, begiak zarratu, esku belztua gonapean sartu eta hankartera eraman nuen amorruaren amorruz.
Oraindik bizi-bizi senti dezaket eguzkiaren bero gorria betazaletan.