Haize-lekua
Haize-lekua
Miren Artetxe Sarasola

ATXONDO
 

 

HAMABI

 

Felix hil berritan zen. Sukaldeko leihotik eliza-aldameneko gerezia loretan ageri zen eta Miren mahaian jarrita patatak zuritzen ari zen. Ordurako ez zuen mingain muturra alde batera ateratzen, ez zion patatari behar baino indar gehiagoz heltzen eta arin eta zehatz zebilkien labana. Zu ere hari begira harrapatu zintudan eta dagoeneko tarrotu zaigu, esan nizun.

        Eta tristura hori antzeman nizun, beste behin.

        Ez zenuen esaten, hori eskertu izan dizut beti. Baina antzeman egiten nizun, behin eta berriz, eta itoginak zulatutako harrian tanta sakonago erortzen da.

        Nirekin ez zenuen sekula aipatzen. Besteek aipatzen zutenean ez zidan inporta. Esnezaleak esango zizun goiz batean gogoan zuela artean Felix bizi zela nolako ira-metak izaten ziren gurean, eta zuk bai horixe, harexek zeukan abilezia, hark. Horrelakoek bost axola niri. Apatara jaitsi eta aspaldi ikusi gabekoren batek Garbiņeri goitik behera begiratu eta esaten bazuen ene bada, sinesteko ere, Felixen igual-iguala. Haren begirakunea izango du inondik ere, baina, burugogorkeria nirea, pentsatzen nuen nik, eta aurrera.

        Baina zure tristura hori ezin nuen jasan.

        Ezin nuen sinetsi nola izan zenezakeen hain gizon zakarraren mira hainbeste urte eta gero. Ulertzen nuen jendearen aurrean alargun onaren papera jokatu beharra, baina inor begira ez zela ere nolatan senti zenezakeen basurde haren falta, hori ezin nuen ulertu.

        Enborra txarrantxaz inguratuz gero azalak bere egiten ditu arantzak hazi ahala, eta burdin haria kenduz gero zauria egiten zaio zuhaitzari.

        Felix hil eta bi alaba; batak hamabi urte eta besteak zortzi. Pinuak zaharrena jaiotakoan sartuak, hura lanerako bezalaxe pinuak saltzeko gazteegi eta soroko eta basoko lanetarako besoak falta. Gauetan zure intziriak entzuten nituen burkoaren kontra egiten bazenituen ere, eta damua izaten nuen, Santa Barbarari egindako nire errezoena.

        Gau haietako batean erabaki nuen paper-fabrikako bulegoetan lanean hastea.

        Goizetan hango lanak, arratsaldetan etxekoak, Garbiņe eta Mirenek musuak gorri eta igandetan libra erdi zankar lapikoan.

        Nire bizitzako urterik onenak.

        Baina, dagoeneko tarrotu zaigu esan nizun patatak zuritzen ari zela eta zu harekin akordatu zinen ni orain zurekin akordatzen naizen bezala eta ezin dut tristura hau tripetatik atera ezelan ere.