BAT
Ikusiko zenuen, Presen. Betikoak izan ginen zure hiletan. Inoiz irudikatuko zenuen zeure hileta, ezta? Ba halakoxea. Loreek atentzioa ematen zuten, hori bai. Hura lore-festa. Loretan neurtzen da estimua hiletetan. Jendea beti izaten da berdina. Loretan. Nirerik ez zen, Presen. Garbiņeri eman nion dirua etxekoen arrosa zurizko koroarako. Hark jesarrarazi ninduen lehen lerroan, bera eta Mirenen artean. Nora zoaz, esan zidan, bigarren lerroan jartzera nindoala ikusi zuenean; nora zoaz, ahapeka, baina ozen, esanaz bezala ezin dut hemen oihuka hasi, beraz, zatoz hona derrepentean. Estimatu nion hori ere. Aukerarik utzi ez izana. Jendeak ikusi egin zuen hark eskatu zidala lehen lerroan jartzeko.
Nola eutsi zioten negarrari Garbiren bi kakanarruek ere, aizu. Ikusi egin behar zenituen haien intziriak, ordea, agurjesusenama entzuterako. Haien estutasunak. Harro egongo zinatekeen.
Zortea izan genuen. Juanito apaiza kanpoan egokitu, eta Don Emiliok eman zuen meza. Alde ederra. Ordu erdi gutxiago bai.
Ilunabar hartan bertan jaso genituen Garbiņe eta biok zure arropak-eta, supermerkatuetan saltzen dituzten plastiko gogorreko poltsa horietan. Hiru edo lau.
Gauean ezin izan nuen begirik bildu, goizegi jaso genituela irudituko zitzaizula pentsatuz. Mindu ez izana espero dut. Baina zeren zain egon behar genuen ba? Hobe zen lehenbailehen bistatik kendu eta eman. Errukia ematen zuten armairuan soineko eta alkandora koitadu haiek dingilizka zure zain.
Hara, egia esango dizut. Gernu infekzioa esan zuenean medikuak, akabo ba, pentsatu nuen nirekiko; hori al zen dena. Zer pentsatu behar nuen nik, Presen. Nola pentsatu behar nuen. Konturatzerako ez omen zegoen ezer egiterik eta nik eskua heltzen nizun eta medikuak behin eta berriz azaltzen zuen bere ustez guk ulertzeko moduan antibiotikoek ez zutela beren lana egin, zure gorputzak ez zuela erantzun, infekzioak giltzurrunak hartu zizkizula eta odola gero, eta odolak gaitza barreiatu zuela eta nik eskua heltzen nizun estu eta momentu batean hatz oskolekin atximur ere egin nizun, Presen, iratzarri ba, Presen, zer zabiltza hor begiak itxita, nora zoazela uste duzu ni hemen utzita.
Eta Garbik tira egin zidan besotik. Eta kito esan zidan. Kito, Lali, eta besarkatu egin ninduen eta nik zuri begiratzen nizun Garbiren besoen artetik, esanaz bezala, nahikoa da, Presen, baina zuk ez zenuen begirik zabaldu eta nik ez nuen negarrik egin.
Garai batean Tia Dorari pasako genion abisua, kanpaiak jo zitzan, eta jendea hurbilduko zen inguruko baserrietatik gurera doluminak eman eta laguntza eskaintzera eta galdezka, baina zu hil eta berehala etorri ziren beilatokikoak ospitaleko gelaraino eta gu Axpera itzuli ginenean kanpaiek ez zuten hotsik egin. Hurrengo goizean auskalo ze elizatan grabatutako kanpai-hotsen zinta hori jarri zuten kanpandorreko bozgorailuetatik, baina ordurako jendeak Whatsappez jasoa zuen beila-ordutegia eta baita zure eskelako argazkia ere.
Dotore askoa zu. Lore urdindun alkandora soinean duzuna jarri genizun. Beti esan izan dizut ondo ematen zizula. Poltsa haietako batean sartuta eraman genuen hura ere besteekin batera. Berokia ostu nizun, hori bai. Artilezko beroki grisa. Handitxo eta, batez ere, luze gelditzen zait eta Garbik esaten dit hanka-motzago egiten nauela. Baina harekin irteten naiz paseora orain bisitan etortzen zaidanean.
Ez dizut esan, Presen. Oruen nago. Zaharren egoitzan. Bai. Bi aste daramatzat hemen. Eta nahiko ondo. Leiho zabal-zabalak ditu eta epel-epel egoten da egun osoan. Karrajuetan ere bai. Arrazolako Inaxirekin jarri naute gelan, badakizu? Larregaineko bizi-alargunarekin. Ondo, bai. Zer esango dizut ba. Hura zaharra dago, isil-isilik egoten da eta egun batzuetan lo besterik ez du egiten. Goizetan tarteka ohean uzten dute besteok gimnastikara joaten garenean. Ez dakizu ze gauza eginarazten dizkiguten, Presen. Ez zenuke sinistuko. Besoak gora eta behera hegan doazen antzarak dirudigu gelako ispilu handian, lepoak makur eta samak luze. Ikusiko bagintuzu.
Orain hemen gauzkate, besaulki hauetan denak lerro-lerro, behiak kortan nola, telebistari begira. Bisitak heldu ahala etxekoek hartu eta kanpora eramaten gaituzte denbora ona bada, norbere gelara euria bada. Garbik laster behar du hemen. Asteazkenetan lauretarako ateratzen da lanetik eta hemen erlojuek den ordua markatzen dute.
Ikusi behar zenuen koitadua, lehen aldiz bisitan etorri zenean. Zain-zain nengoen ni eta egongelatik entzun nuen nola esan zuen nire izena. Norengana zatoz? Eulalia Oleagarengana, berak. Eta Josunek —gure zaintzaileak, oso neska jatorra, durangarra, baina umila— egongelan sartu bezain laster, Eulalia, alaba etorri zaizu bisitan!
Halako arnasaldi bat egin nuen aditu nuenean. Lotsagorritu egin nintzen, aizu. Sinesten al didazu? Garaiotan. Garbiri begiratu nion eta bazirudien hark ez zuela entzun. Ez zion zuzendu behintzat eta ni isilik geratu nintzen. Zer moduz zaude galdetu zidan eta ingurura begira hasi zen bestela baitakoan, lekura ezin eginda. Zatoz gelara, Garbi. Ikusiko duzu zeinen txukuna. Inaxi, ezagutzen al duzu Garbiņe? Presenen alaba zaharrena, akorduan izango duzu. Egon pixka batean, Garbi. Armairua zabaldu, berokia hartu eta paseoan irtengo gara, esan nion. Nik hura besotik heldu eta errepidean oinez joan ginen, biok isilik, luze. Haren nahigabea senti nezakeen pausajean. Ehun bat metro egingo genituen askatu zuenerako.
Luzeegi daukazu abrigoa.
Badakit.
Itzul zaitez etxera, mesedez.
Ezta pentsatu ere.