ZORTZI
Ez didazu sinetsiko. Bizi osoa kexaka eta haizea faltan dut hemen. Haize harroaren hotsa harrizko hormen kontra, atariko intxaurraren adarren kontra, adarrak dantzan, Presen. Udaberri-hasieran makurtuta joatea egur bila, zikinik edo lastorik ez sartzeko begiak erdi-itxita, mantala azalaren kontra-kontra, pentsatuz, agur nire aurtengo begoniak. Bentanatik Anboto gaineko laino saldoak abiadan ikustea, eta orbela airez aire. Intxaurraren hostoak biz-biz lurrean dantzan.. Hemen lainoak ere geldi egoten dira eta orbelaren hotsaren antzekoa den soinu bakarra Inaxik egiten du mendazko karameluak ahoratu aurretik haien plastikotik ateratzean.