HAMAIKA
Ez naiz ohitzen zu gabe, Presen.
Oraindik goizero gogorarazten dit buruak hilda zaudela eta goizero ematen dit min. Batzuetan iratzartzean etxean nagoela pentsatzen dut eta ezustekoa hartzen dut argi-pizgailuari emateko besoa luzatu eta hutsunea nabaritzen dudanean. Ze arraio. Eta konturatzen naiz hemen ohea gelaren beste aldean dudala, horma beste aldean dagoela, eta Inaxi dudala aldamenean lo, eta ez zu. Beste batzuetan iratzartzen naiz, eta badakit hemen nagoela, badakit ez nagoela etxean, besoa alde onera luzatzen dut argia pizteko, baina berdin-berdin heltzen zait sastada, uneren batean. Ohean etzanda begiak zabaltzearekin bat, edo bainu-gelako ispiluari begiratzen diodanean edo komunean jarrita garbitzeko papera eskuetan hartzean, edozein momentutan, iratzarri eta bi minutura gehienez, sastada. Egunero, Presen.
Garbiņek ulertzen ez duena da etxean ez nengokeela hobeto.
Joan zinenetik ederra mingarri zaidala.
Ez daukadala indarrik umeen eta haren maitasunari eusteko.
Eta amets egiten dut berarekin, Presen.
Etxeko sukaldean ikusten dut erratz-kirtenari helduta.