Haize-lekua
Haize-lekua
Miren Artetxe Sarasola

ATXONDO
 

 

LAU

 

Inaxi eta biok kartetan jokatzen hasi gara bazkalondoan Maribi eta hauekin. Launaka jokatzeko ohitura zuten, eta buruak dauzkagun bezala, Presen, hobe da briskan launaka aritu seinaka baino. Hori ederki dakite Maribik eta, baina gauzak diren bezala, elkarrekin jokatzeaz aspertuta zeuden dagoeneko eta gustura hartu dute okela berria. Maribi kontrario gogorra da gero. Bera da hirukoan erdian jartzen dena eta keinuak berari egiten dizkiote. Inaxi eta biok ginenez berriak, gure hirukotean egokitu zen beteranoa jarri genuen erdian, nagusi. Baldar samarra bera, baina gizalegea da, eta, badakizu.

        Laugarren egunean mahaira hurbildu bezala esan zuen Maribik, Eulalia, jarri zaitez nire parean. Gure honek ez zuen txintik egin, eta hala jarri nintzen ni erdian.

        Lali, deituidazu Lali, Maribi, esan nion nik.

        Geroztik elkarren aldamenean ikusten dugu telebista Maribik, Inaxik eta hirurok, kontu batzuk esanez. Kontu batzuk esanez, Maribi eta biok; Inaxi isilik eta erdi-lo egoten da. Badakizu, minik gabeko arrana ugerrak jaten du. Maribik asko daki. Madrilen neskame ibilitakoa da kazetari famaturen baten etxean. Galdetutako denak jakiten ditu. Egunero irakurtzen du periodikoa, hasi eta buka. Horoskopoaren atalera heltzean amorratzen da. Hara bestea. Ederra tontakeria. Zer jakingo du ba honek. Periodikoak tentelkeria hauek ekartzea ere. Hau idazten duenari ere ordaindu egingo diote, aizu. Baina badaki aries naizela eta egunero irakurtzen dit nirea. Ez sinistu honi zipitzik ere e, aditu?