Haize-lekua
Haize-lekua
Miren Artetxe Sarasola

ATXONDO
 

 

ZAZPI

 

Edozein egunetan izaten da hemen jateko laranja. Aukeran ematen digute azkenburukoa. Platanoa ala flana. Jogurta ala laranja. Atzo laranja hartu nuen eta zurekin akordatu nintzen. Ezkonberritan Felixek Durangotik laranja bat ekarri zizula eta nola jo zenuen nire sukaldeko leihoan kax-kax, ikus nezan. Azazkalak azalean sartu eta usaindu genituen lehendabizi. Zure hatzak nire sudurrean eta laranja usain hura. Hartzen al duzu usaina, Lali, hartzen al duzu? Hartuko ez nuen ba. Zuritu eta ahal bezain gutxi mailatuta banatu genuen bitan, ahoak adurretan.

        Erdi bana jan genuen. Sekula laranja bat probatu gabea nintzen.

        Handik aurrera erregalu gutxi izan zen zuenean. Ezkillarriko zulotik sartuta urtean bitan jotzen du ba eguzkiak San Rokeko ermita; ba halatsu. Eta hala ere aldiro pizten zitzaizkizun begiak gizon hark zapiren bat edo galtzerdi fin pare bat ekartzen zizun bakoitzean. Huraxe amorrazioa nirea.

        Gutxi behar du gizonak.