14. “ALAMARTXOA”
Mezua bidali dio Axierrek. Mikeli bihotza saltoka hasi zaio. Bezperan bere zakilaren argazki bat bidali zion, segundo gutxian desagertzen den horietakoa. Gurasoen etxean zegoen, haiekin bazkaldu zuelako, eta kafesnea sudur-zuloetatik atera zitzaion ia-ia. Esan zion gehiago halakorik ez bidaltzeko. Diskrezioa, jode! Illatitik atera eta disimuluz begiratu du mobila, izkina batera joanda. “Gora San Juan berde! Sugeak eta zapoak erre!”. Uf, eskerrak.
San Juan bezpera da. Urtero legez, afaria egingo dute Zaldibiako plazan. Herri afarirako txartelak hartu dituzte. Ostirala, eguraldi ona. Plaza leporaino beteko da. Herrian Austriako arkitekturako ikasle talde bat egon da, hamabost egunez, eta haiek egindako lanak ikusten egon dira arratsaldean. Proposamen politak egin dituzte. Axier burutik kendu ezinda dabil Mikel. Donostian geratu zirenetik, ez dute beste zitarik izan. Nahi du geratu, baina ezin du. Bere erritmoa errespetatuko duela esaten dio Axierrek. “Poliki joango gaituk: slow sex”. Baietz erantzuten dio Mikelek, bero-bero eginda. Gero ez da ausartzen. Blokeatu egiten da.
Saioa ere Zaldibiara etorri da. Maiderrekin eta haren lagunekin afalduko du, plazan ipiniko dituzten mahaietan. Etxetik eramango dute janaria. Entsalada, patata-tortilla, urdaiazpikoa... Kupela ipiniko dute plazan, sagardoarekin, nahi duenarentzat. Jai eskatu zuen Troskan. Ez zeukan gogorik egun horretan herrian geratzeko. Nahikoa izan zuen Gazte Festetan harrapatutako melokotoiarekin. Gainera, Zaldibiako “Alamartxoa” ezagutzeko gogoa dauka. Dantzak, giroa. Maiderren etxean geratuko da lotan.
Dantzariek piztu dute sua, suziriekin. Mikelek argazkia atera du eta Axierri bidali dio. “Sutan hemen ere”. Mikelek bidali dion San Gregorioko suaren erantzuna da: “Hasi nauk berotzen”. Axierrek esan dio solstizioko egunak aproposak direla geratzeko, egun magikoak direla eta animatzeko. “Gaur gauen Zaldibiara jungo nauk hire billa, nahi baduk, Slow”. Ez, ez, ez. Zaldibiara ez. Mikeli umetan bullyinga egiten zioten eskolan, potolotxoa zelako eta betaurrekoak zituelako. “Marikoia izatea bakarrik falta zaik”, zioen bere artean. Marikoia, hitz itsusi hori. Baina ondo daki baietz, badela. “Hobe bihar, Donostian”, ausartu da; kitzikatuta bezain urduri dago Mikel. “Nere etxen?”, Axierrek. Puf, bale. “Bai”. “Seguru al hago, Slow?”. Ez, baina ezin dio Axierri ihes egiten utzi. “Oraingon bai, Fast”.
Dantzak asko gustatu zaizkio Saioari. Umeak eta nagusiak suaren bueltan. Dantzari herria da Zaldibia, bai. Sua ez da oso handia. Handiagoa espero zuen. Baina tamaina horretakoa izatea komeni da, gero suaren gainetik salto egin ahal izateko. Hipnotizatuta begiratu dio suari. Urteko gauza txarrak sutara bota eta erretzeko unea da. Azken asteetan buruan izan dituen emakume guztiekin gogoratu da. Orion hil duten emakumea. Santa Agedan zoratu zen neska. Moja bidali zutena. Lizarrustira bidean hil zena. Jaio orduko umea kendu zietenak. Bortxatu zituztenak. Desagertu zirenak. Atxilotu zituztenak. Tratu txarrak jasaten dituztenak. Gogorik gabe oheratzen direnak.
Erritualak beharrezkoak dira batzuetan. Aurrera egiteko. Esan diotenez, familiako ardi beltzei tokatzen zaie arbasoen minei begiratzea, memoriak sendatzeko. “Zuengatik, guregatik”, esan du Saioak ahoz behera, “elkarrekin aurrera”. Ez du errimatzen, ez daki zentzurik daukan, baina atera zaiona da: “Su berriak argitu gaitzala”. Derrepente argi ikusi du ikerketa emakume ekintzaileei buruz egingo duela: bai, ekintza txikiekin gizartea aldarazi duten emakumeak elkarrizketatuko ditu. Iluntasunean su txikiak piztu dituztenak.
Herriko neska-mutikoak su txingarren gainetik saltoka ari dira. Saioak ere salto egin nahi du. Errazagoa izango litzateke ume baten aitzakia balu, baina Maiderren alaba, Aiora, ez da animatu.
Salto bakar bat egiteko asmoa zuen, sufritu duten emakume guztiengatik, baina gustatu egin zaio, eta emakume bakoitzari salto bat eskaintzea erabaki du. Jendea begira daukala konturatu da Saioa, baina berdin dio. Gero eta salto handiagoak egiten ari da. Besoak altxatuta, hankak zabalik. Irrintzi bat ere bota du. Ahotsa altxatzera, plazara ateratzera ausartu ez diren emakume guztiengatik.
Mikelek bideoan grabatu du, eta Axierri bidali dio. Segituan jaso du erantzuna:
—Aiba, Saioa dek eta, nere lehengusue!