Bai, koanto!
Bai, koanto!
Idoia Etxeberria Elortza

ZALDIBIA-ATAUN
 

 

4. ZITEA

 

Tinder. Mikel, 30 urte. Ez zaio aurpegia ikusten argazkietan. Mendia, eskalada, crossfit. Zaldibiakoa da, baina Beasainen bizi dela ipini du. Diskrezioa nahi du. Mutilek erakartzen dute, baina bere gizontasuna auzitan jartzen du horrek. Birjina da atzeko zulotik. Neska-laguna izan du: sei urte Nagorerekin. Lehen aldia du Tinderren.

        Axier, 36 urte. Hamar argazki. Lau lehen plano, argazkietako batean kamiseta gabe. Ataundarra. Marikoi deklaratua. Donostian bizi da. Tinder, Grinder, POF... denetik probatu du.

        Match egin dute. Axierrek argazkia eskatu dio Mikeli eta gustatu egin zaio. “Guapisimoa haiz”, esan dio. “Biluzik irabazten duten horietakoa ematen dek, gainera”. Hurrengo egunean bertan geratzea proposatu dio. Arratsaldeko bostetan. Mikelek ez dio esan nongoa den, ezta zertan egiten duen lana... diskrezioa nahi duela, hori bakarrik esan dio, lotsagorrituta. Apuro handia ematen dio. Brad Pitt bezala bisexuala den jakin nahi du Mikelek. Besterik ez.

        Mikelek bulebarreko parkingean utzi du kotxea. Kioskoan dute hitzordua. Iritsi orduko damutu da. Ezin zen toki okerragoa izan: jende asko dabil, gehiegi. “Mikel? Axier nauk”. Irribarretsu gerturatu zaio, baina Mikelek kobrarena egin dio. Musurik ez. Faborez! Esan zion ba diskrezioa nahi zuela.

        Hika hitz egin dio. Horrek ondo sentiarazi du Mikel, nahiz eta hitanoak dakarren gizontasun-eredua ez duen atsegin. Taberna batera joatea proposatu dio Axierrek. Mikeli iruditzen zaio ez dela ideia ona. Edonork ikusi ditzake. “Nahiago dek Urgullera igotzen bagaituk?”. Mikelek baietz. Gaztelurantz igo dira. Bidezidor estu batetik eraman du Axierrek. Ikusten da paraje hori ondo ezagutzen duela.

        Harrizko galtzada estu batek tunel ilun baten ahora eraman ditu. Buelta eman duenean, muxu busti bat eman dio Axierrek ezpain ertzean. Mikel izerditan dago, baina ez du ihes egin Axierrek gerritik heldu eta paretaren kontra eraman duenean. Gustatu egin zaio, zer kristo. Mingaina aho barruan sartu dio eta aldi berean Mikelen gerrikoa askatzen hasi da.

        —Zakila jan nahi diat.

        Zer?! Mikelek alde bietara begiratu du. Inor ez inguruan. Zuhaitzak bakarrik. Baina ostia, ostia, ostia. Dron bat ager daiteke. Edozein turista ergel, mobil ostia batekin. Gero birala. Trending topic. Ez, ez, ez.

        —Ze esatek! —baina behekoak baietz dio. Tente eta gogor ipini da. Bizitza propioa du.

        —Lasai, motel. Barkaidak, bero-bero jarri nauk ta... igual azkarregi noak.

        Azkarregi doa, bai. Axier ez da gelditu, hala ere. Gerrikoa bakean utzi du, baina ipurmasail biak estutu dizkio, bi eskuekin. Ezkerreko belarri-gingila miazkatzen hasi zaio:

        —Mmmmmmm... Gustatzen zaik?

        —Ba-ba, bai —babalorea ematen du. Ezin du behar bezala hitz egin.

        Gehiegi da, kitto. Mikel arnasestuka dago. Geratzeko eskatu dio Axierri, eta geratu egin da. Baina ez da isildu:

        —Hi ez haiz bisexuala. Hi ni bezain marikoia haiz —esan dio irribarrez, begirada pikaro batekin.

        Aparkalekuan agurtu dute elkar. Axierrek esan dio “despedidea” kotxe barruan egin dezaketela. Mikelek ezetz. Ez, ez, ez.

        Orain badaki ataundarrak zergatik diren “otsok”. Txanogorritxo basoan bezala sentitu da.