9. JUPITER
Maiderrek esan zidan: “Jupiterrera joan gaitezke”. Jupiter, Marte, Saturno... Berdin zait nora. Ataundik atera beharra neukan eta Zaldibiara etorri naiz. Sukaldaritza ikasten nenbilela ezagutu nuen Maider. Telefonoz hizketan egon ginen atzo. Esan nion ez dakidala nondik nora jo, blokeatuta nagoela. Zaldibiako liburutegian ezkiozaleei buruzko libururen bat badagoela uste du. Interneten argazki batzuk aurkitu ditut: trantzean dauden gizonak eta emakumeak, baita umeak ere. Begirada zeharo galduta. Inpresioa egiten dute.
Joxepanen nago Maiderren zain. Autobusean etorri naiz. Autobusa zaharrek eta atzerritarrek soilik erabiltzen dute. Egia esan, kotxe gabe galduta zaude hemen. Eta Ataunen hemen baino okerrago, auzoak sakabanatuta daude eta. Kotxerik ez daukan bakarretakoa izango naiz han. ‘Dedo’ egiten ere hasi naiz, nerabea nintzenean bezala, baina orain ez dago modan.
Maider presaka iritsi da eta ebaki bat eskatzera sartu da tabernara. Laster Aioraren bila joan beharko du eskolara. Amonaren etxera eramango du, baserrira, eta berriz bueltatuko da. Tarte horretan liburutegira joango naiz. Elkarrekin bazkalduko dugu eta errekan bainatuko gara, Jupiterren. Primerako eguraldia egiten du.
Maripirekin egon gara hizketan. Maiderrek ezkiozaleei buruz galdetu dio eta azkenean gurekin eseri da mahaian. Ezkiozaleena sekta bat dela esan du, “moral oso estuko jendea”. Oraindik bizi omen da gizon ezkiozale bat Zaldibian. Bigarren Errepublika garaian agertu zen Ama Birjina, estatu laikoa aldarrikatu zutenean hain zuzen ere, eta hori ez omen da kasualitatea: beste toki batzuetan ere halako egoeretan gertatu omen ziren agerpenak. Fedea arriskuan ikusita, alegia. Ehunka pertsona hasi ziren Ezkiora joaten. “Sobra ere taxista batzuk negozio ederra izan zitenan ezkiozaleekin”.
Ezkiozale batzuk nabarmendu egin ziren: Ama Birjina ikusten zutenak, haren hitzak entzuten zituztenak, begiak buelta emanda. Erdi santuak zirela uste zuten, kazetariek argazkiak atera zizkieten eta protagonismoa kentzen zieten apaizei. Ez zen serioa. Zer arraio, Jaungoikoaren hitza apaizek soilik zabaldu zezaketen. Horregatik jazarpena; horregatik gorritzat hartzea; txapel bakarraren azpian ez dira bi buru kabitzen. Ezkiozale askok Ezkioko Ama Birjinarengan sinesten jarraitu zuten, hala ere.
Orain herrian beste sekta moduko bat dagoela aipatu dute: Eliza ebanjelistakoak, errumaniarrak. Familia horretako emakumeetako bat zortzigarren umearen esperoan omen dago. Jainkoak emandako guztiak hartzen dituzte, gure amonen garaian bezalaxe. Felipak ere zortzi izan zituen. “Gure amak bi bakarrik izan zizkiñan, baiña inpernura kondenatuta egon hunan hue! Don Modestok sermoian esan omen ziñan ume gutxi zittuenak inpernura jungo ziela eta gure ama, gaixoa, larri! Bai ba, bi gutxi zalako!”. Maripik Don Modesto aipatu du eta soka luzea ekarri du horrek.
Maider joan denean, Maripirekin geratu naiz berriketan. Esan dit Don Modestok herri borrokalaria bihurtu zuela Zaldibia. Apaiz frankista omen zen, pulpitutik egundokoak esaten zituena. Erresistentzia moduan, herria abertzaletu egin omen zen eta Elizatik urrundu. Gainera, doktrinan umeak beldurrez airean edukitzen omen zituen, edozein huskeriagatik astintzen zituelako. Eta berriz agertu da gai bera: badirudi Don Modestok ere neskaren bat haurdun utzi zuela... Baina Maripik ez dit xehetasunik eman. Haren ondorengoa ondoko mahaian eserita egon daiteke.
Migel Irastorzaren kasua ere kontatu dit. Errenterian zegoen maisu, preso hartu eta fusilatu zutenean. Ondarretako kartzelan zegoela, etxekoei esan zien bere maisu-postua nahi zuen apaiz batek salatu zuela. Egia ote zen ikustera joan zen anaia eta hantxe aurkitu zuen apaiza. Candelaria arreba Ama Birjinari loreak ipintzera joaten zen Elizara, baina ez zuen gehiago apaizen sermoirik entzun. Hori izan zen apaizen kontra protesta egiteko bere modua.
Jaioberritan akabatutako umeen berririk baduen jakiteko aprobetxatu dut. Maripik amari entzun omen zion baserri batean umea sardearekin hil zutela; “inzestu kasuren bat izango hunan”. Ez diot gehiago galdetu. Banekien, galdetuz gero, kontatu egingo zidala.
Maider bueltatu denean plater konbinatuak jan ditugu. Nik txipiroiekin. “Osinberdeko ura” dioen kristalezko botila atera digute. Ur ona dute hemen. Maider pozik ikusi dut. Ilusioz kontatu dizkit oporretako planak. Mexikora doa lagun batzuekin, hamar egunerako, alaba udalekuetan dagoen bitartean. Juleni ez dio grazia handirik egin eta kuadrillako batek ere esan zion: “Julen bakarrik utzita?”. Ba bai. Julen ez da ume bat. Moldatuko da. Baina mila esplikazio eman beharko ditu oraindik ere. Dena elkarrekin egiten duten bikote aspergarri eta inbidiosoei batez ere. Ni ere gustura joango nintzateke Mexikora.
Azkenean ez gara Jupiterrera joan bainatzera. Ez dakit izenak nork asmatzen dituen hemen. Jupiter deitzea ere ur-jauzi bati... Acapulco izeneko baserri bat ere ba omen dago. Unanitako putzuan bainatu gara azkenean. Txukundu egin dute eta egurrezko eserleku bat ipini dute erreka bazterrean. Bazkalostean joan garenez, ez zegoen inor. Burua ur azpira sartu dudanean, erreka gainetik pasatu zait eta kezka guztiak desagertu egin dira.
Bainatu ondorengo zigarroa txortaldi baten ostekoa bezain ondo sartu zait.