Bai, koanto!
Bai, koanto!
Idoia Etxeberria Elortza

ZALDIBIA-ATAUN
 

 

6. TROSKA II

 

Hemen euskal musika jartzen dute eta eskertzen dut. Hertzainak, Izaro, Katamalo, Mikel Urdangarin... Regetoirik ez. “Bildu, poztu eta berotu” hitzak daude egurrean zizelkatuta, barra gainean. Biltzeko eta pozteko leku ona da Troska. Eta alkoholak berotu egiten du, hori badakigu.

        Taberna leku ona da kontu ilunak jakiteko. Alkoholak mingainak askatzen ditu. Baina hauspokerietarako ere ona da. “Umeek eta mozkorrek egia esaten dute”. Zeinek asmatuko ote zuen gezur hori? Gure aita fenomeno bat zen gezurrak asmatzen, zurrutari ematen zionean bereziki. Nik ere ume-umetatik ikasi nuen gezurrak esaten.

        Edan txarrekoa zela? Bai. Baina aita ez zen alkoholikoa. Esan nahi dut alkohola ez zela bere arazo bakarra, ezta handiena ere. Edan gabe ere bazekien zakarra izaten. Despota da hitza. Ama menpean hartuta zeukan. Uste dut etxean ikusitakoa errepikatzen zuela. Aitonak amona tratatzen zuen moduan tratatzen zuela emaztea. Hutsaren hurrengoa balitz bezalaxe. Eta gure ama, makilakadak jasotako zakurra bezala, beti otzan. Ezin nuen amaren jarrera hori jasan. Gorroto nuen horregatik. Ondorio horretara iritsi naiz terapian: ama gorroto nuen. Gero nire burua gorrotatzera iritsi nintzen. Ama ‘abandonatu’ nuelako. Hori ere bai.

        Tabernan kontu ilun ugari kontatu dizkidate. Gezurra diruditen egiak eta egiantza duten gezurrak. Emakumeen trafikoan aritu zen kamioilariarena, adibidez. Portugaldik Iruñera eramaten omen zituen, aldiro hogei emakume. Edo “Aposaia” deitzen zioten apaizarena, Astigarraga auzoan bizi zena. Herrian ezkondu behar zuten neskek astebete pasatzen omen zuten berarekin, “ezkontzeko balekoak ote ziren frogatzeko”. Noizko kontuak izango ote dira?

        Jaiotzean hil eta simaur artera botatzen zituzten umeen kontuak ere entzun ditut. Gehienetan intzestuaren ondorioz jaiotakoak izaten ziren. Katakumeak balira bezala botatzen zituzten. Batzuetan ez ziren negar egitera ere iristen. Aitek haurdun utzitako alaben historiek ere oilo-ipurdia jarri didate: neska gazte bat moja bidali zuten... eta beste bat Santa Ageda eroetxean sartu zuten, sano egonda; umea Donostiako familia aberats bati eman omen zioten. Hantxe zoratuko zen. Haurdunaldiak ezkutatzeko, ohikoena jaioberriak Fraisorora eramatea zen. Gero eta informazio gehiago izan, okerrago nago. Hau ez da terapeutikoa! Loa galarazten dit. Ez dakit gehiago jakin nahi dudan.

        Gehiegi ari naiz erretzen azkenaldian. Irudipena daukat lehen trafiko gutxiago zegoela hemen. Nora kristo doa hainbeste kotxe? Zenbat furgoneta eta zer monobolumen... a zer nibela! Orain ezingo lituzkete lehengo apustuak egin: kotxe lasterketak San Martindik San Gregoriora, hiru kilometro martxa-atrasean. Asko geratu ziren errepide bazterrean.

        Lehen, goizean, Aldasoro pasatu da ardiekin, iturri ondotik. Errepide nagusitik etorri dira eta bidean gora eraman ditu ardiak. Buru-keinua egin diogu elkarri, agurtzeko. Ilusioa egin dit. Ez dakit noiz arte ikusiko ditugun halako estanpak. Mobila atera eta argazkiak ateratzeko bulkadari eutsi behar izan diot. Ez nuen turistarena egin nahi. Aitortu behar dut hunkitu egin naizela. Malenkonia arraro bat erne zait. Zahartzen ari ote naiz?