5. BINGO!
“Linea 6, bingo 17”, esan du Tamarak, animatzaileak. Hirugarren eta azken partida hastera doa. Linea egiten duen lehenengoak 6 euro irabaziko ditu eta bingo egiten duenak, berriz, 17 euro. Hamabost egunean behin izaten da bingoa Atseden-Tokin. Bi mahaiak beteta daude; bata luzea, bestea borobila. Baina isiltasuna erabatekoa da.
Tamarak beste bolatxo bat atera du. “Hogeita hamazazpi: hiru, zazpi”. Aurrean dituzten zenbakiei arretaz begiratzen diete guztiek. Adi egon beharra dago. Boligraforen bat edo beste mugitu da, X ipintzeko. Felipak X markatu du. Hurrengo bolatxoa: “Hamahiru: bat, hiru”. Hori ere badauka Felipak. “Larogei: zortzi, zero”. Baita ere. Bingo!
Zenbakiak ondo markatu dituela egiaztatu ondoren, dirua eman diote Felipari.
—San Gregoriotik behin etorriko, eta irabazi! —bota du Joxepak. Irribarrearen atzean inbidia izpi bat ezkutatzen ote den... San Gregoriokoak gutxi joaten dira Atseden-Tokira. Ezinikusi eta ika-mika handiak egon ziren bi auzoen artean. Frontoia non egin ezin erabaki, eta urteak igaro zituzten frontoirik gabe. Azken urteetan giroak hobera egin du, baina oraindik badira beraien artean hitz egiten ez duten bakarren batzuk. Politika kontuengatik, besteak beste.
—Kapitalera etorri ta badakiñ... —esan du Rosak, burlaizez. San Martin kapitala dela, horrekin dabiltza beti. San Gregorion bezala lau etxe daude eta! Bera bai etorri zela kapitaletik. Donostiatik etorri zen Felipa Ataunera, San Gregoriora. Neskame egon zen han, hiru urtean. Hantxe ezagutu zuen bere senarra izango zena. Baina Rosak ez du horregatik esan, noski.
Euromillioia tokatu balitzait tira, baino 17 euro besterik ez dittun. San Gregoriorako taxia ordaintzeko ere ez litzaioke iritsiko. Ez du pentsatutakoa esan, eztabaidarik nahi ez duelako. Migelek eraman du San Martinera, seme gazteenak. Iluntzean bila joango zaio.
Bingoa amaitzen denean, txokolatea ateratzen dute kafe-makinatik eta pastak ipintzen dituzte mahai gainean. Felipa ez da geratuko. Saioa etorri zaio bila, biloba. Zain dauka atean. Saioari kariño berezia hartzen ari da. Ez dute sekula hain harreman ona izan. Desagertuta egon da denbora askoan. Umetan baserrira joaten zenean, orduan bai. Behiak gobernatzen laguntzen zion. Aspaldi.
Martintxonean, kafetegian, ezingo lukete lasai egon. Etxera joan dira, ganbarara. Ez dago igogailurik, baina Felipak arin igo ditu eskailerak. Txokolatea eta gailetak eskaini dizkio Saioak. Biloba erdi biluzik dagoela iruditu zaio, eskote handi horrekin eta izterrak agerian. Hoztu egingo dela eta tapatzeko esan dio Felipak.
—Amonaaaa, ez dauket hotzik.
Saioak grabagailua atera du. Zaldibiako kontuak jakin nahi ditu. Amonak ez daki ezer 1646ko dokumentuari buruz. Nola jakingo du ba? Zaldibian atxilotutako emakumeena entzun duenean, ezkiozaleei buruz hasi da hizketan.
—Ezkioko Ama Birjiñea, bai. Ezkiozalek. Krixton ixtorik die, e! Gure izeba Kontxita dettenittu zuen, ezkiozalea zalako! Arbik egosten ai zala su bajun, kaldera haundi baten, txerrintzat-ta; ta hartu ta eraman eiñ zuen. Gure amak kontatzen zun. Goiz Eguzkiko Tomaxa amona-ta, haik e detenittu eiñ zittuen. Dominikan ahizpa ta ama re bai. Ez dakit zenbat zien. Behintzat Zaldibiko aiuntamentun eon zien hoik, dettenittuta. Robustiana re bai. Eta geo, Ondarretara eaman zittuen, kartzelara. Ta ze eiñ zuen ba emakume hoik? Errezatzea besteik etzuela eiñ. Errosarioa. Ezkioa jun, ta Ama Birjiñea azaltzen zala eta errezau, besteik etzuen ezertxo re eiñ haik.
Zortzi hillabete ta erdi pasa zittun izebak kartzelan eta Dominikan amak ia urte ta erdi. Multa pagauta atea zien. Gero itten zien Zaldibiñ elizan, Jaunik etzien ematen, komunioik etzien ematen. Gure amai re ez, e! Hue re inoiz jun emen zan Ezkiora ta... Mezeta Ordizira juten hasi zien ordun.
—Amona, baino zeatik detenittu zittuen? Ez det ondo entenditzen...
—Elizek etzon Ezkioko Ama Birjiñea onartu, umea. Sekta bat zela esaten zuen. Gorrik ziela esaten zuen. Gorrik irabazteko errezatzen zuela. Aitzaki hori jarri zuen. Gerrea zetorrela, ta errezatzeko, hoi esan emen zon Ama Birjiñeak. Eta asmau zon: geo gerrea etorri zan. Gure amak kontatzen zon hoi. Gerra aurreko kontuk die, baino batzuk geo re jarraitu zuen Ezkiora juten.
Nola izango ziren ba gorriak? Eta nola demontre jarraitu zuten mezetara joaten, Elizak onartu ez bazituen? Saioak ondo ulertu gabe jarraitu du.